NBEk «gerra krimentzat» du Libiako atxilotze gune bati egindako erasoa

Migratzaileentzako esparru bat bonbardatu dute Tripolin, eta gutxienez 44 iheslari hil eta 130 zauritu dituzte. Tripoliko gobernuak eta Khalifa Haftarren miliziak elkarri egotzi diote aire erasoa

NBEk «gerra krimentzat» du Libiako atxilotze gune bati egindako erasoa.
Andoni Imaz.
2019ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Gutxienez 44 migratzaile hil eta 130 zauritu zituzten atxilotze gune baten aurka jo zuen aire eraso batean, Tripolin, Libiako hiriburuan, atzo goizean, NBE Nazio Batuen Erakundearen datuen arabera. Duela hiru hilabete, Khalifa Haftar buru duen Libiako Armada Nazionalak Tripoli hartzeko erasoaldia abiatu zuen, eta ordutik bonbardaketa batek izan dituen ondoriorik larrienak izan zituen atzokoak. NBEk babesten duen Tripoliko gobernuak Libiako Armada Nazionalari egotzi dio erasoa, eta hark, gobernuari, bueltan. Erasotutako migratzaileentzako atxilotze guneak 600 errefuxiatu baino gehiago ditu; Saharaz hegoaldeko Afrikatik Europara iritsi nahi dute.

Tripoliko ekialdean dago atxilotze gunea, Tajuran. Gobernuari lotutako milizia ugari daude inguruan, eta Haftarren armadak haiei eraso die azken asteetan. Astelehenean bertan, Libiako Armada Nazionalak ohartarazi zuen aire kanpaina abiatuko zuela Tripolin, joan den astean Gharian hiriaren kontrola galdu ondotik.

Tripoliko gobernuaren Osasun Ministerioko Khalid Bin Attia medikuak BBC hedabideari deskribatu zion atxilotze gunearen egoera: «Kanpamentua txikituta zegoen, eta jendea nonahi, negarrez. Trauma psikologikoa dago; argia ere moztu dute». Ehun migratzaile inguru zeuden jaurtigaiak jo duen pabiloian; itsasoan atxilotzen dituzte gehienak, Europako kostara iristen saiatzen direnean.

Eritrea, Etiopia, Somalia, Sudan eta beste hainbat herrialdetako 6.000 migratzaile baino gehiago daude Libiako dozenaka atxilotze gunetan. Mediterraneoan atxilotzen dituzte EB Europako Batasunak finantzatu eta entrenatutako kostazainek. Tortura eta abusuengatik salatutako miliziek kontrolatzen dituzte gune horiek.

Fayez al-Serraj buru duen gobernuak Libiako Armada Nazionalari leporatu dio zuzenean erasoa: «Krimen ankerra, planifikatua eta zehatza izan da». Bestelakoa da milizia horren bertsioa: gobernuaren kanpamentu bati eraso ziotela diote, gobernuaren aldekoek bonbardatu egin zituztela atzera, eta atxilotze guneari eman ziotela, ustekabean. Charlie Yaxley Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren bozeramaileak esan zuen ezin dutela ziurtatu nork egin duen erasoa. Gasan Salame NBEren ordezkariarentzat, bonbardaketa «gerra krimentzat» jo daiteke.

Autoritaterik gabe

Libia autoritate argirik gabeko herrialde kaotikoa da 2011. urtetik, Muammar Gaddafi buruzagia hil zutenetik. Bi fakzio politiko eta militarrek dute indar gehien herrialdean: Tripoliko gobernuak ipar-mendebaldea kontrolatzen du, NBEren onarpena du, eta hainbat miliziak babesten dute; Haftarren armada, berriz, ekialdeko Tobruk hirian dagoen parlamentuak babesten du. 1969an, Gaddafi boterera eraman zuen estatu kolpean parte hartu zuen Haftarrek, eta, 2011n, hura hil zuten indarren goi kargua zen.

Frantziak Haftar babestu izan du, baina Serraj gobernuburuarekin harremanetan dago egun. Gaitzetsi egin zuen atzoko erasoa. «Erasoak berehala murrizteko eta borrokarekin amaitzeko» eskatu die Haftarren armadari eta gobernuari, zeinak NBEren babesa duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.