NBEk mendebaldeko Herat hirian dituen 50 langile eta laguntzaile bertatik ateratzen hasi ziren atzo, igandean ehunka manifestarik beren egoitza hartu eta sutan jarri ondoren. Manifestariek protesta egiten ari ziren Kabulgo gobernuak Ismail Khan Herateko gobernadorea kargutik kendu zuelako. Khan milizia handi baten burua da eta «gerraren jaunak» desarmatzeko Hamid Karzai presidenteak emaniko aginduari jarraiki kargugabetu dute.Larunbatean Khan Meatze ministro izendatu zuela iragarri zuen Karzaik. Azken hiru urteotan Herateko gobernadore izandakoak uko egin zion kargu berriari eta «herritar soila» izatea nahiago zuela esan zuen. Khanen kargugabetzearen berriak sutan jarri zuen hiria berehala. Igandean manifestazio jendetsuak egin ziren eta protestariek aurre egin zieten harrika AEB Ameriketako Estatu Batuetako eta Kabulgo gobernuaren Armadako tropei. Istiluotan zazpi afganistandar hil ziren, hainbat iturriren arabera.
NBEren bulegoak sutan
Manifestariek nazioarteko erakundearen bulegoak suntsitu zituzten, eta langileek bunker batean babestu behar izan zituzten euren buruak, NBEk Kabulen duen eledun Manoel de Almeida e Silvak esan zuenez. Atzo kalteak ikusten izan zen Almeida e Silva hiriaren gainetik hegaldatu zen helikoptero batean.
Ehun manifestari inguru atxilotu zituzten istiluotan. Kargugabeturiko gobernadoreak lasaitasuna eskatu zien bere jarraitzaileei atzo. «Gobernuetan aldaketak izatea oso normala da», esan zuen. Khanek 12.000 gizoneko milizia kontrolatzen du, Kabulen agintepeko Afganistango Armadak 14.000 eskas dituenean. Bere agintaldian egonkortasun handia izan da Herat eskualdean. Edonola ere, Irango muga zeharkatzen duten ondasunen zergak kobratzea eta dirua Estatuari ez ematea leporatu izan dio Kabulek, zein bere milizia desarmatzeari uko egitea. Khanen agintearen gainbehera aurten hasi da, apirilan haren seme Miruais Sadi Aire Garraio Zibil ministroa zena hil zen Gobernuaren tropekin izaniko aurrez-aurreko batean. Abuztuan haren arerio Amanula Khan miliziaburuaren gizonek Heratetik 30 kilometrora heldu ziren, eta Herateko gobernadoreak Gobernuaren eta AEBetako tropen laguntza eskatu behar izan zuen. Indarrok kendu dute orain agintetik, Karzai lehen ministroak miliziaburuak desarmatuko dituela agindu eta gutxira.Afganistanek Ukrainan duen enbaxadore Saied Muhammad Khairkaua izendatu zuten Herateko gobernadore. Khairkauaren izendapenak «hauteskundeen prestaketa baketsua» ziurtatuko duela esan du Jean Arnault NBEko ordezkari bereziak. Hirian etxeratzeko agindua ezarri dute, eta bilera oro debekatu.
Talibanekin borrokan
Herateko gobernadore ohiaren miliziak ez dira, edonola ere, Kabulgo gobernuak nazioartearen laguntzarekin egin nahi dituen hauteskundeen oztopo nagusia. Zabul eskualdean izaniko borrokaldietan 22 taliban zein Al Kaedako kide hil dituztela eman zuen aditzera atzo AEBetako Armadak. Hildakoetako hiru «arabiarrak» zirela gaineratu zuten militarrek. Armadaren arabera, 40 bat gizon armatuk patruila estatubatuar bati eraso ziotenean hasi zen borroka. AEBk eta beren aliatuek 18.000 soldadu dituzte Afganistango hego eta ekialdean talibanei aurre egiteko. Urriaren 9rako deituriko bozak zapuztuko dituztela agindu dute talibanek. Maiatzean lau soldadu estatubatuar hil zituzten, eta abuztuaren 30ean 10 pertsonek galdu zuten bizia AEBetako segurtasun enpresa baten egoitzan Kabulen eginiko erasoan.
Ustez Al Kaedako kide askoren babeslekua den mugaldean, ostera, borroka gogorrak izan dira azken orduotan, Pakistango aldean, Kani Guram eremu menditsuan. Pakistango Armadaren arabera, 50 bat gerrillari hil zituzten, horietako zortzi «uzbekistandarrak, txetxeniarrak eta arabiarrak» zirirelarik.Igandean, berriz, nazioartearen erasoaren garaian talibanekin borrokan arituriko 360 preso askatu zituzten Kabulen, gehienak pakistandarrak.
-
Hautagai nagusiak
HAMID KARZAI
Egungo presidentea da, baina hiriburuz landa duen aginte txikia dela eta, Kabulgo alkatea esaten diote askok. Hautatua izateko aukera handiena du. Pashtu etniakoa da.
JUNUS KANUNI
Hezkuntza ministroa da. Talibanen aurkako Iparraldeko Aliantzaren buru izan zen. Tadjik etniako kidea da, bigarren handiena.
MASSOUDA JALAL
Emakumezko bakarra. NBEko langile ohia da. Independentea da eta ez du botere oinarririk. Bigarrena izan zen, Karzairen ondoren, Loya Jirga asanblean.
MOHAMMED MOHAKIK
Baztertutako hazara etnia xiitako kidea da. Plangintza ministro izan zen martxoa arte. Bozetara aurkeztu zelako bota zutela dio.
ABDUL RASHID DOSTUM
Miliziaburu uzbekoa. Ia denen etsai eta ia denen aliatu izan da azken urteotan. 20.000 borrokalari inguru ditu bere aginduetara.
ABDUL HAFIZ MANSOUR
Emakumeak abesten agertzea debekatu zuen Estatuko telebistaren buru zenean. Diktadura ezarri nahi izatea leporatu dio Karzairi.