Nazio Batuen Erakundeak Libian korridore humanitarioa zabaltzea lortu du, Muammar Gaddafiren aldekoen eta kontrakoen arteko borrokak hasi zirenetik lehen aldiz. Herrialdearen mendebaldean egin du eta zibilei elikagaiak helarazteko erabiliko dute. Ingurua Muammar Gaddafiren aldeko indarrek dute kontrolpean.
Zortzi kamioik zeharkatu zuten atzo Tunisia eta Libia arteko muga, eta 50.000 pertsonentzako elikagaiak zeramatzatela jakinarazi du NBE. Ilargi Gorri Erdiak banatuko ditu, batik bat, Tripolin, Zintanen, Jefrinen, Naluten, Mezdan, Al Reiban eta Al Zawain.
Bitartean, Gaddafiren aldekoek Misrata eta Yevel Nafusa bonbardatzen jarraitzen dute, eta azken bi egunetan 125 pertsona hil dituztela jakinarazi du Al Jazeerak. Horietatik 110 Jebel Nafusan hil direla zehaztu du, Tripali hego-mendebaldean, eta beste hamabostak, Misratan.
Franco Frattini Italiako Atzerri ministroaren arabera, Libian gatazka hasi zenetik 10.000 pertsona hil dira, eta 50.000 zauritu. Trantsiziorako Kontseilu Nazionalaren datuak direla azaldu du.