MunDUA

NBEk onartu egin du Gazarako su-eten plana, baina Israelek eta Hamasek uko egin diote

AEBak abstenitu egin dira Nazio Batuen Erakundeen Segurtasun Kontseiluaren batzarrean.

2009ko urtarrilaren 9a
13:40
Entzun
Nazio Batuen Erakundeen (NBE) Segurtasun Kontseiluak bart onartu egin du Erresuma Batuak Frantziaren eta arabiar herrialdeen laguntzarekin Gazarako (Palestina) egindako su-eten plana -Egiptok ere landu zuen aurreko egunetan, Frantziarekin-, baina ez du, itxuraz, aurrera egingo, Israelek eta Hamas Palestinako taldeak baztertu egin dutelako. Hamasek berak -Palestinako beste bederatzi talderekin batera- atzo baztertu zuen aurrez Egiptok eta Frantziak egindako proposamena, "konponbiderako ez duelako baleko oinarririk".

NBEren batzarrean Ameriketako Estatu Batuak (AEB) izan dira abstenitu diren bakarrak. Beste denek -hamalauk- alde bozkatu dute.

"Israelek bere beharren, herritarren segurtasunaren eta defentsa eskubidearen arabera jokatu du eta jokatuko du", esan du Tzipi Livni Israelgo Gobernuko presidenteorde eta Kanpo Harremenatarako ministroak. Haien ustez, NBEren ebazpenak Israelen pare jartzen du Hamas eta hori ez da onargarria.

Elkarrizketari ekin behar zaiola dio NBEk, eta Gazak bizi duen blokeoa bukatu egin behar dela. Bi parteek -Israelek eta Hamasek- su-etena eman beharko lukete, planaren arabera, Israelek Gazatik irten beharko luke, eta hemengo muga ireki egin beharko litzateke, bertako palestinarrek oinarrizko laguntza jaso dezaten. Horretaz gain, Israeli eta palestinarrei gonbitea egin diete "premiazko bilera egiteko".

Israel abenduaren 27tik erasoan da han eta, azken datuen arabera, 763 lagun hil ditu eta 3.120 zauritu -horietatik 375 oso larri daude-. Hamasek Israelera koheteak botatzen zituelako hasi zen erasoan hau. Israelen aldetik, hamabost soldadu hil dira. Abenduaren erdian bukatu zuten biek urte erdiko su-etena.

Azkeneko bi egunetan Israelek hiru orduko su-etena egin du Gazan, hemengo herritarrek giza laguntza jaso dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.