Siriako gatazka konpontzeko NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluak duen «gaitasunik eza» deitoratu du NBEren Batzar Nagusiak. Atzo ebazpen bat onartu zuen, New Yorken. Hor, Baxar al-Assaden gobernua gaitzetsi, eta Siriarako «trantsizio politikoa» aldarrikatu dute; 133 herrialdek egin zuten ebazpenaren alde, 31 abstenitu egin ziren, eta hamabik aurkako botoa eman zuten; tartean, Errusiak eta Txinak —Segurtasun Kontseiluko kide iraunkor dira—. Lehendik ere, kontseiluan hiru aldiz erabili dute beto eskubidea, Siriako Gobernua gaitzesten zuten hiru testu atzera botatzeko.
Hain zuzen ere, NBEren eta Arabiar Ligaren Siriarako mandatari berezi Kofi Annanek Segurtasun Kontseiluko kide iraunkorrak egin zituen bere dimisioaren erantzule, herenegun. Atzo, beste abisu bat eman zien erakunde horretako kideei NBEren Batzar Nagusiak. Ekintza sinbolikoa da, Segurtasun Kontseiluaren erabakiak soilik baitira bete beharrekoak. Hala ere, NBEk Siriako Gobernua estuago hartzeaespero du, ebazpenaren bidez.
Onartutako testuan, kezka agertu dute Siriako arma kimikoen inguruan, eta hango gobernuari eskatu diote horiek ez erabiltzeko. Bestalde, galdegin diote giza laguntzako erakundeei uzteko herrialdean sartzen, zibilei laguntza eman ahal izateko. Ban Kimoon NBEko idazkari nagusiak herrialde guztiak deitu ditu Siriako «gerra zibil luze bat» eragoztera.
Annanek irailetik aurrera karguan ez jarraitzea erabaki izanak eztabaida sortu du hainbat herrialderen artean. Gennadi Gatilov Errusiako Gobernuko Atzerriministrordearen ustez, Annanen dimisioak bidea ematen dio esku hartze militarrari. Gatilovek adierazi du herrialde batzuen interesek bultzatu dutela Annanek hartutako erabakia: «Norbaitek paretik kendu nahi izan du, indarrezko ekintzei atea irekitzeko». Errusiako Atzerri Ministerioak, berriz, Mendebaldeari egotzi dio Sirian elkarrizketa politikoa ez babestea. Ohar batean, salatu du matxinoak ez dituela diplomatikoki nahikoa estutu konponbide baketsu bat lortu ahal izateko.
AEBetako Gobernuko bozeramaile Jay Carneyk,Errusia eta Txina egin ditu Annanen erabakiaren erantzule. Uste du Errusiak eta Txinak Segurtasun Kontseiluan hiru aldiz beto eskubidea erabiltzeak areagotu egin dituela Siriako Gobernuaren eta matxinoen arteko borrokak.
Siriako Gobernuaren arabera, hainbat herrialde Siriako egoera ezegonkortzen eta Annanen plana bertan behera uzten ahalegindu dira. Batez ere, AEBei, Frantziari eta Erresuma Batuari mintzatu zaie gobernua: «Haien helburuak faltsutu dituzte; Siriari lagundu nahi diotela esan eta, talde terroristak babestuz, bakea lortzea oztopatu dute». Iranek ere, herrialde «esku hartzaileak» jo ditu Annanek amore eman izanaren erruduntzat: «Atentatu terroristak gelditzeko Annanen ahaleginak ez ziren herrialde batzuen gustukoak».
Hama hirian, 62 hildako
Agintariak eztabaidan ari diren bitartean, Siriako armadaren eta matxinoen arteko borrokek ez dute etenik. Oposizioko batzordeek jakinarazi dute guxienez 62 lagun hil zirela atzo gobernuaren armadak Hama hirian egindako erasoan.
Bestalde, berri agentzien arabera,ia Damasko hiriburu guztia armadaren esku dago. Gobernuaren tropek atzo hasi zituzten hiriburuko azken auzoak berreskuratzeko erasoak. Al-Assad presidenteak garrantzitsutzat jo zuen Halab hiria, eta han borrokan jarraitzen dute gatazkaren bi aldeek. Matxinoen arabera, hiriaren erdia baino gehiago kontrolatzen dute oraindik.
NBEk Segurtasun Kontseiluaren «gaitasunik eza» kritikatu du
Siriako Gobernuaren aurkako ebazpen bat onartu du Batzar Nagusiak, Segurtasun Kontseiluaren «ezintasuna» deitoratutaErrusiaren arabera, Kofi Annanen dimisioak bidea emango dio esku hartze militarrari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu