NBE Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordeak Siriako erregimenaren errepresioa gaitzetsi du, eta batzorde independente bat bidaliko du hara gizadiaren kontrako krimenik egin den ikertzera.
Bi eguneko bileren ostean onartu zuen atzo NBEk Europako Batasunak proposatutako ebazpena: 33 herrialdek bozkatu zuten alde, lauk kontra eta zortzik ez zuten bozkatu. Errusia, Txina, Kuba eta Ekuador izan dira ebazpenaren kontra egin dutenak; bestalde, Jordania, Kuwait, Qatar eta Saudi Arabia herrialde arabiarrek Bashar al Assaden kontrako gaitzespen ebazpena babestu dute.
Era berean, Europako Batasunak gehiago estutu du Siriako erregimena. Al Assaden gertuko hamabost agintariren eta bost enpresaren kontrako zigor neurriak ezarri ditu. Haien ondasunak blokeatu eta EBra sartzeko debekua ezarri die.
Bitartean, Siriako erreboltariak antolatzen ari direla iragarri dute. Oposizioko taldeak elkartu eta bi asteren buruan Siriako Batzorde Nazionala sortuko dutela adierazi zuen atzo Khaleed Khoja oposizioko kideak Istanbulen egindako prentsaurrekoan. Assadek erreformak eta Konstituzioaren aldaketak agindu zituen astelehenean, baina oposizioa ez da fio. «Al Assaden hitzek ez dute inolako sinesgarritasunik. Adierazpen bakoitzaren ostean errepresioarekin eta hilketekin jarraitzen du. Ez dago berarekin elkarrizketa bat izateko aukerarik, boterea laga behar du», esan du Khojak.
NBEk Siriako erregimenaren errepresioa gaitzetsi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu