NBEko Batzar Nagusiak «berehalako su eten humanitarioa» eskatu du Gazarako

Estatu kideek babesturiko ebazpena ez da loteslea; besteak beste, Israelek eta AEBek kontra bozkatu dute. Horren aurretik, Bidenek eta Netanyahuk agerian utzi dituzte bien arteko desadostasunak.

NBE GAZA SU ETENA
NBEko Batzar Nagusiko bozketaren emaitzak, herrialdeka; 153 estatu kidek bozkatu zuten alde. SARAH YENESEL / EFE
ander perez zala
2023ko abenduaren 13a
11:55
Entzun

NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluko ebazpenak huts egin eta lau egunera, NBEko Batzar Nagusiak «berehalako su eten humanitarioa» eskatu du Gazarako, estatu kideen hiru laurdenen aldeko botoarekin. Joan den urriko bozketan baino babes handiagoa izan du meniarako deiak, eta emaitza hori Joe Biden AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak bozketaren bezperan adierazitakoaren isla bilakatu da, Bidenek esan baitzuen Israel babesa galtzen ari dela nazioartean, eta estatuak jarrera aldatzen ari direla. Hori bai, testua sinbolikoa da, ez baita loteslea; edonola ere, agerian utzi du herrialde asko jarrera aldatzen ari direla.

193 estatuk dute botoa emateko eskubidea, eta horietako 153k bozkatu zuten atzo ebazpenaren alde. 23 abstenitu egin ziren, eta beste hamarrek kontra bozkatu zuten; tartean, Israel eta AEBak. Iragan urriko testuaren bitartez, NBEko Batzar Nagusiak «etenaldi humanitarioa» eskatu zuen, eta oraingoan, berriz, menia; horregatik, eta aintzat harturik atzokoan jarrera aldaketak izan zirela —aldeko 33 boto gehiago jaso zituen—, bigarren ebazpenak pisu handiagoa du, eta nazioartearen iritzia erakusten du, nahiz eta praktikan ez duen ondoriorik eragingo.

Segurtasun Kontseiluko testuak, berriz, lotesleak dira, eta horko kideek orain arte ez dute ezer onartu su etenari buruz, beto eskubidea duten herrialdeetako batek beti blokeatu duelako. Gazako egoeraren inguruan onartu duten ebazpen bakarra joan den azaroaren 15ekoa da, «premiazko etenaldi humanitario iraunkorrak» eskatu baitzituzten; hori gertatu eta astebete ingurura sartu zen indarrean zerrendako milizia palestinarren eta Israelgo armadaren arteko menia, eta astebete iraun zuen, azaroaren 24tik 30era —tarte horretan, miliziek 105 bahitu askatu zituzten, eta Tel Avivek, 240 bat preso palestinar—. Orain, ordea, etenda daude beste su eten bat indarrean jartzeko negoziazioak.

Estatu kideen hiru laurdenek bozkatu dute meniari buruzko ebazpenaren alde.

Edonola ere, Antonio Guterres NBEren idazkari nagusiak joan den larunbatean ohartarazi zuen erakunde horrek ahal duten guztia egingo duela Gazan su eten bat lortzeko, baina orain arte Israel eta AEBak izan dira oztopo nagusiak menia iraunkor bat finkatzeko, biek ala biek argudiatu baitute hori egiteak Hamas «indartuko» lukeela. Washingtonek Tel Aviven jarrera babestu du NBEko bozketetan; atzo Batzar Nagusian kontra bozkatzeaz gain, duela lau eguneko Segurtasun Kontseiluko bozketan betoa ezarri zion aurkezturiko testuari, kasurako.

Baina, Gazako gerrak aurrera egin ahala, badirudi bi aliatu horien arteko desadostasunak geroz eta handiagoak direla. Horren erakusle izan ziren Biden bera eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa, atzo publikoki utzi baitzuten agerian talka hori, NBEko Batzar Nagusiko bozketaren aurretik. AEBetako presidenteak esan zuen Tel Avivek «munduaren gehiengoaren» babesa duela «Hamasen kontrako borrokan» —tartean, Etxe Zuriarena eta Europako Batasunarena—, baina berehala zehaztapen bat egin zuen, adierazi baitzuen babesa galtzen ari dela Gazan «bereizi gabe egiten ari diren bonbardaketengatik».

Eta, horrekin batera, zera esan zuen Bidenek: Netanyahuk gobernua aldatu behar duela, «inoizko kontserbadoreena» delako —ultraeskuineko alderdiak daude koalizioan—, eta ezingo diola «ezetz esan» Palestinako Estatu independente bati.

«Osloko hutsegitea» ez errepikatzea

Horren aurretik, Israelgo lehen ministroak komunikatu bat argitaratu zuen, eta, horren bidez, adierazi zuen desadostasunak dituztela AEBekin gerraren osteko jokalekuaz. Argi mintzatu zen afera horretaz, adierazi baitzuen ez duela modurik emango Israelek «Osloko hutsegitea» berriz egiteko, 1993ko Osloko Akordioei erreferentzia eginez; horien arabera, Gaza administratzeaz Palestinako Aginte Nazionala arduratu beharko litzateke, baina ez da halakorik gertatu 2007an Hamasek zerrendatik kanporatu zuenetik, Al-Fatahrekin zituen desadostasunengatik.

Netanyahu itun horien aurka agertu zen, baina, azkenean, horiek inplementatzeko akordioak sinatu zituen, 1996an Israelgo lehen ministroa aukeratzeko hauteskundeak irabazi ondoren, botoen %50,5 lortuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.