NBEko behatzaileen buruak Siriako bi aldeei egotzi die gatazka militarizatzea

Robert Moodek erran du herrialdean ez dagoela gerra zibilik, lurralde osoko egoera ez delako berbera

mikel rodriguez
2012ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
«Badirudi ez dagoela borondaterik trantsizio baketsu bat egiteko, baina badagoela, ordea, jarrera militarretan sakontzeko asmoa». NBE Nazio Batuen Erakundeak Siriara bidalitako misioaren buruak, Robert Mood Norvegiako jeneralak, «etsita» dagoela erran du, Siriako Gobernua eta oposizioko talde armatuak ez direlako betetzen ari Kofi Annan mandatari bereziaren bake plana. Damaskon egindako prentsaurrekoan, bi aldeei eskatu die NBEren misioari «aukera bat» emateko, eta planaren bertze alternatibarik ez dagoela erran du. Hala ere, Mendebaldeko hainbat herrialdek azken egunetan erran dutenaren aurka —AEBek eta Frantziak batez ere—, Moodek erran du Siriako egoera ez dela oraindik gerra zibil bat, gatazka ez delako herrialde osora hedatu.

Azken hamar egunetan indarkeria hazi egin dela adierazi du Moodek, eta horrek «arrisku nabarmena» eragin diela behatzaileei. Horren eraginez haien gaitasuna «mugatzen» ari dela dio. Gerra zibila dagoela ukatu arren, Moodek aitortu du behatzaileek ikusi dutela nola talde armatuek aldarrikatu duten hainbat eremu kontrolpean zituztela eta ondoren armada bertaratu den horiek berreskuratzera. «Siriako biztanleak, zibilak, hainbat eremutan sufritzen ari dira, borroken erdian daudelako». Iragan apirilaren 12an indarrean paratu zen su-etena ez da betetzen ari, baina Moodek Annanen plana defendatu du. «Hura onartu duten Siriako aldeei eta nazioarteari dagokie betetzea», zehaztu du. Siriako Gobernuak eta nazioartean gatazkaren aurkako jarrerak dituzten herrialdeek diote oraindik sei puntuko bide orria betetzearen alde daudela. Soilik Siriako Armada Askeak adierazi du ez duela errespetatuko —Baxar al-Assaden erregimenaren aurka borrokan ari da hura—.

Talde hori da Damaskoren aurka borrokan ari direnen artean oihartzun handiena duena. Haren buruzagiekin ere elkartu direla erran du Moodek, baina ez du xehetasun gehiago eman. Jeneralak erran du behatzaileen lana dela bi aldeak konbentzitzea «elkarren suntsipenetik ez dutela onurarik lortuko». Frantziako Atzerri ministro Laurent Fabiusek ez du hori uste, ordea. Irtenbide diplomatikoaren alternatiba bakarra «oposizioaren garaipen argia» dela erran du, eta Siriako Armada Askeari materialki laguntzeko prest agertu da. Armak ez dizkietela bidaliko erran du, baina komunikaziorako teknologia helaraztea aztertzen ari direla —AEBek egina dutena—.

Al-Assaden etorkizunaz

François Hollandek presidentetza hartu duenetik, Frantziak Siriako gatazkan gero eta parte aktiboagoa izateko asmoa erakutsi du. Presidenteak berak esku hartze militarrerako aukera aipatu zuen, eta Fabiusek erran du Al-Assad boteretik kentzea negoziatzen ari direla Moskurekin.

Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak adierazi du, baina, Siriako gobernu aldaketa ez dagoela Errusiaren eta Mendebaldeko herrialdeen arteko negoziazioen agendan ere. «Gobernu aldaketa ezin dugu onartu, Siriako herriak atzerriko esku hartze edo eraginik gabe erabaki behar baitu hori». AEBetako ordezkariekin bildu zen herenegun Lavrov, Siriako gatazkaz mintzatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.