LIBANOKO GATAZKA

NBEko ebazpena bete eta tropak erretiratuko dituela dio Damaskok

Beirutek iragarpena berretsi eta erretiratzea «aurki» gauzatuko dela dio, data «zehaztu gabe» dagoen arren

Erredakzioa
2005eko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Libanon duela hogeita hamar urtetik dituzten soldaduak erretiratuko dituztela iragarri zuen atzo Siriako Atzerri ministrorde Ualeed al Mualemek. NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluko 1559 ebazpenean jasotakoa betetzeko prest da, beraz, Damasko. Beirutek, baina, aurretik segurtasuna bermatu behar duela zehaztu zuen Mualemek: «Erretiratzearen unean geldituko den hutsunea beteko dutela ziurtatu nahi dugu». Libanoko Defentsa ministro Abdul Rahim Muradek berria berretsi eta erretiratzea «aurki» gauzatuko dela zehaztu zuen: «Erabakia hartuta dago, baina data zehazteke dago».

1976. urtean gerra zibila abiatu zenetik ditu herrialdean soldaduak Damaskok. Liga Arabiarraren aginduz 40.000 soldadu bidali zituzten baina garai batean 56.000 izan ziren. Gaur egun 14.000 eta 15.000 soldadu artean daude. Gerrari amaiera jartzea zen helburua. Gerra zibila deitu zutenak, ordea, hamahiru urtean iraun zuen.Bi herrialdeetako ordezkariak erretiratzeko «data eta modua» negoziatzen ari dira. Gerrari amaiera jarriz 1989. urtean sinatutako bake akordioa izango dute oinarri: Taifeko Akordioa. Bertan ezartzen zen hitzarmena indarrean jarri eta bi urtera erretiratuko zirela erabat soldaduak. Bekaa bailarara joan eta bertatik gutxinaka joango ziren herrialdeko soldaduak segurtasuna bereaien gain hartu bitartean. Israelek hegoaldea okupatua zuela argudiatuta, baina, bertan jarraitu du Siriak.Israel duela bost urte erretiratu zela gogorarazi eta iragarpena onetsi zuen Tel Avivek Shebaako etxaldeak okupatzen ditu oraindik hegoaldean. Nazioarteko erakundeko ebazpenarekin bat datozela eta bertan miliziak bertan behera utzi behar direla zehazten dela gogorarazizuen Atzerri Ministerioak. Hezbola talde palestinarraz ari zen. Washington eta Parisen ekimenez Segurtasun Kontseiluak 1559 ebazpena onartu zuen iragan irailean. Damaskori okupazioarekin bukatzeko eta barne aferetan esku hartzeari uzteko eskatzen zaio bertan. Damaskok bost aldiz erretiratu du tropen zati bat azken lau urteotan. Beiruten zituen soldaduak, ildo horretan, irailaren 22an erretiratu zituen. NBEk Terje Roed-Larsen ordezkaria bidali zuen herrialdera.

Presioen eragina

Libanoko oposizioaren eta nazioartearen presioen ondoren etorri da soldaduak erretiratzeko iragarpena. AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente George Bushek soldaduak erretiratzeko eskatu dio aste honetan bertan, beste behin, Damaskori. Libanotik alde egin ezean zigorrak ezarriko zituztela ohartarazi zuen Bushek. Beiruten enbaxadore izandako David Satterfield bidaliko du asteburu honetan Washingtonek.

Siriako Atzerri ministrorde Ualedd al Mualemek «probokazioak» jarraituz gero «ondorio ezkorrak» izango direla ohartarazi zuen atzo.Libanoko lehen ministro ohi Rafic Haririren hilketak eragin duen egoeraren harira hartu du erabakia Siriak. Hilaren 14an hil zuten agintari ohia Beiruten. Siriari hilketaren erantzule izatea leporatu zioten nazioarteko zein oposizioko ahotsek. Libanoko agintariak Siriaren aldekoak dira. Siriak eta Iranek «mehatxuei aurre egiteko» fronte bateratua osatuko dutela iragarri zuten gerora. Oposizioa eta hura sostengatzen duten herritarrek manifestazioa egin zuten asteburuan agintarien dimisioa eskatzeko. Libanoko lehen ministro Omar Karame dimisioa emateko prest dagoela jakinarazi zuen herenegun «hutsune konstituzionala» bermatzen den bitartean. Legebiltzarrak agintarien kontrako zentsura mozioa bozkatuko dute astelehenean.Siriako 200 adituz osatutako talde batek, berriz, gutun bat bidali zion asteartean Bachar al Asad presidenteari. Libanotik erretiratzeko eskatzen zioten. Baath alderdia berrogei urtez dago agintean Damaskon.Ekialdeko Hurbileko bihotzean dago Libano eta agerian dago eskualdea kontrolatzeko leku estrategikoa dela.

-

AIREKO ESPAZIOA



 

Israelgo hegazkinei tiro egin diete





Libanoko aireko espazioan sartu ziren atzo beste behin hegazkin israeldarrak. Libanoko Armadak ehiza-hegazkin bonbaketarienkontra tiro egin baina ez zituztela jo jakinarazi zuen. Tiro eta Sidon hirien gainean egin zuten hegan airekoek. Beirut hiriburutik 40 kilometro eskasera dago Sidon. Israelgo Armadako hegazkinak sarritan sartzen dira bertako aireko espazioa soinu-langa urratuz. Ariketa militarrak egiten dituzte hegazkinek.

NBE Nazio Batuen Erakundeak horrelako ariketak egiteari uzteko eskatu dio maiz Israeli. Tel Avivek 1978 eta 2000. urteak bitartean okupatu zuen Libano. Nazioarteko erakundeak erretiratze planean zehaztu zuen lerro urdina urratzen ari dela ohartarazi dio Israeli. Libano hegoaldean dauden Shebaako etxaldeak okupatzen ditu oraindik Tel Avivek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.