AEB-ak

NBEko Giza Eskubideen Kontseilua utzi dute AEBek

Eskubideak urratzen dituzten herriak "babestu" eta errespetatzen dituztenei "eraso" egitea egotzi dio Washingtonek Nazio Batuen Erakundeari.

Nikki Haley, AEBen enbaxadorea NBEko Giza Eskubideen Kontseiluan. JUSTIN LANE, EFE
arantxa elizegi egilegor
2018ko ekainaren 20a
13:13
Entzun

Klima Aldaketaren Parisko akordioa izan zen lehenik, Iranekin sinatutako akordio nuklearra ondoren, eta Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Kontseilua orain. AEBak dira kontseilu horretatik beren borondatez irten diren lehen estatua.

Nikki Haley enbaxadoreak iragarri du Washingtonen erabakia, eta giza eskubideak errespetatzen dituzten herrialdeen aurka egitea egotzi dio erakundeari: "Aurten, aurreko urteetan bezala, NBEko Giza Eskubideen Kontseiluak Israelen aurkako bost ebazpen onartu ditu, Ipar Korearen, Siriaren eta Iranen aurka onartuakoak baino gehiago". Hala, eskubideekiko "arbuioz" jokatzea egotzi die Haleyk Kontseiluko kideei.

Giza Eskubideetarako goi ordezkari Zeid Radda al Husseinek harridurarik gabe hartu du AEBen erabakia, nahiz eta aitortu duen "etsigarria" izan dela. "Giza eskubideen egungo egoera kontuan izanik, AEBek aurrera egin beharko lituzkete urratsak, eta ez atzera". AEBetako Estatu idazkari Mike Pompeoren iritziz, ordea, NBE bera da "gehiegikeriak" onartzen dituena, "erantzuleak errugabetuz".

Kritiko agertu da Erresuma Batuko Atzerri ministro Boris Johnson ere, eta tamalgarritzat jo du erabakia. Hark aitortu du Erresuma Batuak ere nahiko lukeela Giza Eskubideen Kontseiluan aldaketak egitea, baina iritzi dio horretarako beharrezkoa dela haren baitan lan egitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.