Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Nazioarteko Misioetako batzordeak egin duen ikerketaren arabera, zantzu argiak daude Myanmarko armdada rohingyen aurka genozidioa egin duela frogatzeko. NBEren arabera, Rakhine estatuko iparraldean eta Kachin eta Shan eskuladeetan genozidioa egiteagatik epaitu behar dira Myanmarko armada, Min Aung Hlaing jenerala eta bertze bortz goi kargudun.
Nazio Batuen Erakundeko adituek gizateriaren kontrako krimenak identifikatu ditu hiru eskualde horietan. Kartzelatzeak, torturak, bortxaketak, sexu esklabotza eta jazarpena dira adituek ikusitako delituetako batzuk. Ikerketaren arabera, behar militarrak ezin ditu inondik inora justifikatu armadak delitu horiek egitea. Gainera, egindako txostenaren arabera, militarrek erabiltzen dituzten teknikak “neurrigabeak” dira egun eskualde horietan dagoen arriskuarekin alderatuta.
Aditu horien arabera, bereziki Rakhine eskualdean egindako delituak dira larrienak, eta konparatzeko modukoak dira genozidioa egin duten bertze estatu batzuetan egindakoekin.
Rohingyen exodoa
Iazko abuztutik, 700.000 rohingyak baino gehiagok alde egin dute Myanmarko Rakhine estatutik. Duela urtebete, ARSA Arakango Rohingya Askapenerako Armadak eraso egin zion polizien eta armadaren etxola bati, eta 12 militar hil zituen. Eraso horrek, ordea, ondorio askoz ere odoltsuagoa izan zuen: armada eta milizia budistak, 59 herritan sartu, 7.000 etxe erre, eta 400 rohingya hil zituen. Eraso horrek eragin zuen exodoa. Atzo, exodoa hasi eta urtebetera, manifestazioa egin zuten Bangladesh hego-ekialdeko Cox's azar hirian "justizia" eskatzeko.