NBEn Siriako indarkeriaz eztabaidatzea «antzua» dela esan du Damaskok

Giza laguntza bidaltzearen aitzakia erabiliz militarki esku hartu nahi izana egotzi dio erregimenak nazioarteariSiriako auzia Hagara eramateko eskatu du NBEren giza eskubideen mandatariak

2012ko otsailaren 29a
00:00
Entzun
Nazioartea Sirian «iraultza armatua» sustatu nahian dabilela esan du sututa Faisal al-Hamwik, Damaskoren ordezkariak, NBE Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideen Kontseiluan. Siriako indarkeriaz eztabaidatzeko propio deitutako bileratik atera egin da Al-Hamwi amaitu aurretik, debatea «antzua» dela esanez. «Jardunaldi hauek terrorismoaren sugarrak pizteko dira, eta krisia areagotzeko, talde armatuei babesa emanez». Izan ere, giza laguntza Sirian sartzeko nazioartearen eskaeraren atzean militarki esku hartzeko eta erregimena aldatzeko nahia ikusi ditu Damaskok. «Siriako Gobernuari eraso egiteko aurrez prestaturiko plan bat da», gaineratu du.

Ostegunean bozkatuko dute NBEren Giza Eskubideen Kontseiluan Qatarrek eta Turkiak aurkeztutako ebazpena. Krimenen gaitzespena, su-eten eskaera eta biktimek giza laguntza jasotzeko proposamena biltzen ditu testuak. Inork beto eskubiderik ez duenez, ebazpena gehiengo zabalarekin onartzea espero da. Dena den, ez da legez bete beharrekoa izango, eta Damasko estuago hartzeko baliatu nahi dute. Baxar al-Assad presidenteak bitartean konstituzio berria indarrean jarri du Sirian. Igandean onartu zuten, erreferendum bidez, bozen %89rekin. Mendebaldeak, dena den, «fartsa» bat izan zela salatu du.

Errusiak, Txinak, Kubak, Venezuelak eta Ekuadorrek, bestalde, NBEko ebazpenaren aurka hitz egin dute, eta esku hartzea kritikatu dute. NBEren «politizazioa» salatu dute guztiek. Habanak eta Caracasek Damaskoren bertsioa babestu dute, eta «potentzia inperialistei» egotzi diete Siriako indarkeria.

Burhan Galiun oposizioko Siriako Kontseilu Nazionaleko presidenteak esku hartze militar bat eskatu badu ere, Anders Fogh Rasmussen NATOko idazkari nagusiak esan du aliantzak ez duela gatazkan esku hartzeko inongo asmorik. Navi Pillay NBEren giza eskubideen goi mandatariak, berriz, Siriako Gobernua Nazioarteko Zigor Auzitegira eramateko eskatu du, «gizateriaren aurkako krimenak argitzeko». «Sirian krimenak egiten dituztenek jakin behar dute nazioartea ez dela geldi geratuko sarraski honi begira, eta gaur egiten dituzten ekintzak ez direla zigorrik gabe geratuko», azaldu du.

NBEren Segurtasun Kontseiluari herritarrak babesteko ardura duela gogorarazi dio Pillayk. Izan ere, Al-Assaden aurkako protestak hasi zituztenetik Segurtasun Kontseiluan ez dira Damaskoren aurkako ebazpen bat adosteko gai izan. Errusiak eta Txinak bi aldiz jarri dute betoa.

Hamasek ez du utzi Damasko

Hamas Palestinako erakunde politiko islamistak, berriz, ukatu egin du alderdiko erbesteko kideek Damaskoko egoitza utzi dutela. «Ez dugu itxi Damaskon dugun egoitza; gezurra da handik alde egin dugunik», azaldu du Musa Abu Marzuk Hamaseko bigarrenak, azken asteetan sortu diren zurrumurruak direla eta. Ezein herrialderen barne arazoetan eskua sartzeko asmorik ez dutela jakinarazi dute, eta hori «palestinarren neutraltasuna» babesteko egiten dutela esan du.

Ostiralean,Ismail Haniyeh Gazako gobernuburuak, baina, Al-Assaden «erregimen bidegabea» amaitzeko eskatu zuen, eta Hamasen eta Damaskoren arteko harremanen hausturatzat hartu zuten analista politikoek.

Tunisiak, bestalde, babesa eskaini dio Siriako presidenteari. «Tunisia prest dago Al-Assadi eta haren familiari babes politikoa emateko, indarkeria amaitzeko balio badu», azaldu du Moncef Marzuki presidentearen aholkulariak. Siriaren Lagunek Tunisian egindako bileran Errusiak Al-Assad babestea iradoki zuen Tunisek, baina orain bere lurretan hartzeko prest agertu da.

NBEk eta Arabiar Ligak, berriz, Kofi Annan NBEko idazkari nagusi ohiari Siriako misioan laguntzeko, Ahmad ben Heli Arabiar Ligako idazkariorde nagusiaaukeratu dute. Jatorri arabiarreko negoziatzaile bat izendatzea saihestu zuten bi erakundeek, Damaskok onartuko ez zuelakoan. Hori horrela, laguntzaile lanak egiteko Ben Heli izendatu izanak Damaskoren arbuioa ekarriko duela uste du askok. Gaur, NBEren idazkari nagusi Ban Ki-moonekin bilduko da Annan, krisiari buruz hitz egiteko.

Bitartean, oposizioak salatu du indarkeriak gora egin duela Sirian. Atzo, gutxienez, 97 lagun hil zituzten Al-Assaden indarrek, oposizioak jakinarazi duenez. Iaz protestak hasi zituztenetik hildakoak 7.500dik gora direla azaldu du, berriz, NBEk. Horrez gain, atzo, Erresuma Batuko Sunday Times egunkariko argazkilari Paul Conroy Homsetik atera zuten, eta Libanora eraman zuten. Kazetaria joan den asteazkenean zauritu zuten, Marie Colvin eta Remi Ochlik kazetariak hil ziren eraso berean. Hasiera batean Edith Bouvier zauritu frantziarra ere handikatera zutela jakinarazi zuten, baina gerora gezurtatu egin du Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak. Mendebaldeko beste bi kazetari ere Homsetik atera ezinda daude.

Frantziaren «misioa»

Thierry Meyssan Frantziako kazetariak, bestalde, Siriako erregimenak Frantziako hemezortzi militar atxilotu dituela jakinarazi du, eta Paris horiek askatzeko negoziatzen hasia dela, ezkutuan.

Damaskok auzia sekretuan gordetzeko eskatu die hedabide publikoei, negoziatzeko giltza bere esku izateko. Izan ere, Frantzian presidentetzarako bozak hurbiltzen ari dira eta halako berri batek eragin handia izan dezake. Auzia sekretupean mantentzen badute Parisek kalte- ordain handiak ordaindu beharko dizkio Siriari. Meyssanek azaldu du, bestela, herritarrei azaldu beharko dietela zer egiten zuten Frantziako militarrek Siriako lurretan. Parisek militarrak misioan zeudela onartzen badu, gerra atxilotuak izango dira, eta Genevako Itunaren babesa izango dute. Berria ez da atera Frantziako hedabide nagusietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.