Damaskok kolpe bat eman du nazioarteko komunitatearen mahai gainean. Faysal Jabbaz Siriak NBE Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Kontseiluan duen ordezkariak Genevako bileratik alde egin zuen atzo, haserre,«Siriako herria erasotzen eta haren martirien odola xurgatzen ari diren bitartean» ez duela «ageriko politizazio horretan» parte hartuko esanez. Baina aulkitik altxatu aurretik argi laga zuen bere jarrera: «Herri bereko anai-arreben artean kaosa eta borroka, anarkia eta desordena ereitea helburu duen konplot unibertsal bat dago. Israelen ametsa bete nahi du konplot horrek, zigorgabetasunaren herrialde nagusiaren ametsa, hain zuzen». Gainera, mehatxu argia egin dio erakundeari, Siriak NBErekin duen «lankidetza modu oro» eten ditzakeela ohartaraziz.
Batez ere, NBEren Giza Eskubideen Kontseiluak argitaratutako txostenak haserretu du Jabbaz. Hiriak bonbardatzea, etxez etxe erregistroak egitea, zibilak exekutatzea eta, azken finean, giza eskubideak «maila asaldagarrian» urratzea leporatu dio Paulo Pinheiro txostenaren arduradunak Baxar al-Assaden erregimenari. Gainera, 165 lagunetik gora hil ziren Houlako sarraskiaren atzean «Gobernuaren indar leialak» egon daitezkeela nabarmendu du, hilketa horien erantzulea zein izan zen baieztatzeko moduan ez dagoela aitortu arren.
NBEren txostenak Siriako oposizioko taldeak ere aztertu ditu, eta onartu du armadako soldaduen kontrako tortura eta exekuzio salaketa ugari jaso dituztela, eta talde horiek gero eta lehergailu kopuru handiagoa dutela eskura. Lehen aldiz, «gatazka armatua» aipatu du NBEk: «Herrialdearen zonalde batzuetan nazioartekoa ez den gatazka armatuaren ezaugarriak ditu borrokak». Nolanahi ere, txostenak Damaskorengan jarri du indarkeriaren erabileraren erantzukizun nagusia.
AEBek eta EB Europako Batasunak txalotu egin dute NBEko batzordearen lana, baina nazioarteko potentzia guztiak ez datoz bat irakurketa horrekin. Errusiak, esaterako, oposizioko taldeak zibilak hiltzen ari direla salatu du. «Gertatzen ari dena zera da, gerra psikologikoa eta bonben gerra», Vassily Nebenzia Moskuren ordezkariaren arabera. Jabbaz Siriako ordezkariak, bestalde, oposizioari «armekin eta kazetaritzari bitarteko sofistikatuekin» laguntzea egotzi dio nazioarteari.
Erasoaren balizko erantzuleak
Atzo, hain zuzen, Al-Assaden agintearen aldeko Al-Ikhbariya telebistaren egoitzari eraso egin zioten Damaskotik hamabost kilometro mendebaldera. Gutxienez zazpi lagun hil dira, hiru kazetari eta lau segurtasun agente, eta beste bederatzi lagun zaurituta daude. Sana informazio agentzia ofizialaren arabera, erasotzaileek «eraikina harrapakatu eta estudioak suntsitu ostean» jarri zituzten lehergailuak.
«Prentsaren eta adierazpen askatasunaren kontrako sarraskirik handiena» izan da, Omran al-Zubi Siriako Informazio ministroaren esanetan. Erasoaren egileak ez direla zigor barik geratuko ohartarazi du, eta telebista katearen emisioa ez dela etengo. Al-Zubiren arabera, «Europako Batasunarena, arabiarrena eta nazioarteko erakundeena da sarraski horren erantzukizuna».
Dena dela, ez da argi geratu nork egin duen erasoa. Damaskoren arabera, «talde terrorista armatuak» izan dira; oposizioko Siriako Armada Askearen arabera, berriz, Al-Assaden Guardia Errepublikanoko desertore talde bat. «Normalean Guardia Errepublikanoko talde batzuk egoten dira Siriako telebista kateen egoitzak zaintzen, eta armak eta lehergailuak izaten dituzte gordeta egoitza batzuetako sotoetan», Malek Kurdi Siriako Armada Askeko bigarrenak Turkiatik azaldu duenez. Haren esanetan, militar talde batek desertatzea erabaki zuen atzo, baina horren aurretik gobernuaren kontrako ekintza bat egin zuen.
Bitartean, Kofi Annan NBEren eta Arabiar Ligaren mandatari bereziak gatazkari konponbidea bilatzeko ahaleginean jarraitzen du. Haren bake planak porrot egin zuen, baina «Siriak gidatutako trantsizio politiko baterako printzipioak» adosteko bilerara deitu du Siriarako Ekintza Taldea Genevan etzirako.
Oposizioa, zatituta
NBEko Segurtasun Kontseiluko kideei —AEBei, Erresuma Batuari, Frantziari, Errusiari eta Txinari—, Turkiari, Iraki, Kuwaiti eta Qatarri egin die bilerarako gonbita, eta, beraz, kanpo laga du Iran. Hala ere, bileraren ostean Teherani erabakien berri emango diola ziurtatu du Annanek; haren ustez, Iran ere «konponbidearen parte» izan behar delako. Azken asteetan, hain zuzen, Iranek ere Siriaren gatazka konpontzeko bileretan parte hartzeko eskatu dio NBEri Errusiak, egoera bideratzeko Damaskoren aliatua ere tartean egotea lagungarria izan daitekeelakoan.
Bestalde, Siriako oposizioko hainbat taldek ere bilera egingo dute datorren astelehenean Egiptoko hiriburuan NBEko Segurtasun Kontseiluko kide iraunkorrekin, Arabiar Ligaren egoitzan. Oso zatituta dago oposizioa, eta jarrera komunak adostu nahi dituzte. CNS Siriako Kontseilu Nazionalak bileran izango dela baieztatu du, NCC Koordinazio Nazionalerako Batzordea, berriz, ez da joango. Oposizioko talde nagusiak dira biak, eta ideia kontrajarriak dituzte. Sirian du egoitza NCCk, eta atzerrian, CNSk.
NBErekin «lankidetza modu oro» eteteko mehatxua egin du Siriak
NBEko txosten batek giza eskubideak «maila asaldagarrian» urratzea leporatu dio Baxar al-Assaden gobernuariDamaskoren aldeko Al-Ikhbariya telebistari eraso egin diote, eta zazpi lagun hil dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu