NBEren arabera, 110 milioi desplazatu daude munduan: inoiz baino gehiago

Iaztik, 19 milioi pertsonak egin behar izan dute ihes etxetik, gehienbat Ukrainako eta Sudango gerren ondorioz. Adingabeak dira desplazatuen %40 inguru

Mugazain bat, AEBen eta Mexikoren arteko muga igaro zain dauden migratzaileak zaintzen, maiatzean, San Diegon (AEBak). ETIENNE LAURENT / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2023ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak iazko desplazatu kopuruaren berri eman zuen atzo, eta datua ez da ona; iaz inoiz baino iheslari gehiago zeudela erregistratu dute: 110 milioi. 2022an, 19 milioi pertsonak ihes egin behar izan zuten etxetik, baina horiei gehitu behar zaizkie aurten Sudango gerrak eragindako iheslariak, duela zortzi aste hasi baitzen gerra hori.

Indarrez desplazatutako pertsonak txostenean jaso ditu datuak erakundeak. Haren arabera, barne desplazatuak dira gehienak: 62,5 milioi; ondoren etorriko lirateke NBEren agentzietan erregistratutako iheslariak —erbestera jo dutenak—: 35,3 milioi; eta, azkenik, asilo eskatzaileak: 5,4 milioi. Horiei gehitu behar zaizkie nazioartearen babesa behar duten 5,2 milioi pertsonak.

«Zail da irudikatzea zein izan daitekeen arazo horien irtenbidea, baita eztabaida mahai gainean jartzea bera ere. Mundu polarizatu batean gaude, non estatuen arteko ezinikusiek eragin zuzena duten gai humanitarioetan ere», aitortu zuen Filippo Grandik, UNHCRko idazkari nagusiak. Siriako gerra piztu aurretik, 2011n, 40 milioi desplazatu zeuden munduan —kopuruak egonkor eutsi zion aurreko hogei urteetan—; baina, geroztik, datuahandituz joan da. Siriakoak, Ukrainakoak eta Afganistangoak dira gehienak —2022 bukaeran 11,6 milioi ukrainar zeuden desplazatuta—.

Desplazatuak eta iheslariak ugaritu ahala, gero eta gutxiago dira horiek hartzeko prest dauden estatuak, eta horren inguruko kezka agertu zuen Grandik. EB Europako Batasuneko ekialdeko hainbat kidek uko egin diote Ekialde Hurbiletik edo Afrika iparraldetik heldutako desplazatuak hartzeari; baina eskuin muturrak migratzaileen aurka duen diskurtsoa beste hainbat herrialdetara ere zabaldu da. EBtik kanpo, Erresuma Batuak lege proposamen bat aurkeztu du Frantziatik txalupan heldutako asilo eskatzaile oro kanporatu ahal izateko. AEBek, berriz, zaildu egin dituzte asiloa eskatu nahi dutenentzako baldintzak.

«Errefuxiatuei buruzko 1951ko ituna sinatu duten hainbat estatuk ere gero eta oztopo gehiago jartzen dizkiote hura betetzeari», kritikatu zuen Grandik. Baina, aldi berean, «urratsak» ere egin direla nabarmendu zuen, aipamen eginda EBko Barne ministroek joan den astean adostutako asilo eskatzaileentzako proposamenari. Haren arabera, EBko estatu kideek kontinentera iristen diren 30.000 asilo eskatzaile banatu beharko dituzte urtero euren artean —biztanleriaren eta barne produktu gordinaren arabera—, eta ukatzen duten iheslari bakoitzeko 20.000 euro ordaindu beharko dituzte —iaz, 180.000 migratzaile iritsi ziren talde komunitarioko herrialdeetara—.

Goranzko joera

«Datuek erakusten dute zenbait azkar mugitzen direla gatazkak pizteko garaian, baina motel horiei irtenbidea aurkitu behar zaienean. Ondorioz, milioika lagunek hondamena, desplazamenduak eta egoera larriak bizi behar dituzte», salatu zuen Grandik. Datuek, gainera, desplazatuen soslaia egiteko informazioa ematen dute; izan ere, %90 inguru garabidean diren herrialdeetakoak dira; eta, aldi berean, herrialde horiek berak dira iheslari gehien hartzen dutenak ere: kopuru osoaren %76. Nabarmentzekoa da, gainera, adingabeak, munduko populazioaren %30 izan arren, desplazatuen %40 direla.

Irtenbideak ez dira errazak, eta, ihes egin ostean, ia ezinezko bilakatzen da etxera itzultzea. Iaz, soilik 339.300 pertsona itzuli ziren beren herrialdera. Horrek esan nahi du itzuli zen desplazatu bakoitzeko beste 22k ihes egin behar izan zutela 2022an. Beste batzuetan, ordea, hirugarren herrialde batean hartzen dute babes iheslariek, baina horiek ere gutxiengoa dira: 114.300 iaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.