NBE Nazio Batuen Erakundeak Siriarako hautatutako ikerketa batzordeak ohartarazi du gero eta gehiago direla Sirian gobernuaren aurka borrokan ari diren «elementu atzerritarrak, militante jihadistak barne». Batzorde horren arabera, atzerritar batzuk bertako oposizioko indarrekin batu dira, eta bertze batzuek talde propioak eratu dituzte, «agenda propioekin». Batzordeko presidente Sergio Paulo Pinheirok adierazi duenez, «elementu horiek muturreko jarrerak hartzera eraman dituzte gobernuaren aurkako indarrak», eta, horren eraginez, handitu egin da indarkeria sektarioa. Txostena NBEko Giza Eskubideen goi mandatari Navi Pillayren esku utzi dute. Pillayk berak salatu du oposizioko indarrek haurrak soldadutzat erabiltzen dituztela. NBEk orain arte oposizioari egindako salaketa gogorrena izan da.
Pillayk berak salatu du talde armatuek gobernuaren aldeko indarretako kideak eta zibilak «hil, bahitu eta torturatu» dituztela. HWR Human Rights Watch gobernuz kanpoko erakundeak ere txosten bat argitaratu du oposizioko indarren gehiegikeriak salatuz: exekuzioak eta torturak nabarmendu ditu. Faisal al-Hamwi Siriak NBEn duen ordezkariak erran du «mundu osoak» argi duela orain oposizioaren helburua ez dela «erreforma politikoa eta demokrazia» lortzea. «Ekialde Hurbila gatazka gune bihurtzea da xedea, kaosa nagusi izan dadila». NBEren batzordeak ere eman du oposizioari egotzitako gehiegikerien berri, baina zehaztu du ez direla gobernuak egindakoak bezain «larriak».
Iranen «presentzia militarra»
Siriaren aliatu estuenak, berriz, Iranek, ukatu egin du herrialde horretan «presentzia militarra» duela, herenegun jeneral batek Sirian eta Libanon Guardia Iraultzaileak dituztela erran ondotik. Mohamad Ali Jafari jeneralak zehaztu zuen guardiak han edukita ere horrek ez zuela erran nahi «presentzia militarra» zutenik. Geroago, gainera, Teheranek ukatu egin du Libanon guardia iraultzaileren bat dutela.
NBEren arabera, jihadistek gero eta indar handiagoa dute Sirian
Atzerriko ekintzaileek oposizioa muturreko jarreretara bultzatu dutela dio nazioarteko ikerketa batzordeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu