Afrikako Batasunak babesa eskatuko dio Nazio Batuen Erakundeari Azawaden esku hartze militarra egiteko. Joan den apirilaren 6an aldarrikatu zuen MNLA Azawadeko Nazioa Askatzeko Mugimenduak Mali iparraldeko Azawad lurraldearen independentzia. Bamakok eta ABk indarrez berreskuratu nahi dute lurraldea, baina momentuz ez dute mehatxua bete.
Herenegun Boli Kostako Abidjan hirian egindako batzarrean NBErekin bilera antolatzea erabaki zuen ABk, haren babesarekin eta laguntzarekin Azawaden kontrako eraso militarra prestatzeko. «Presazkoa da nazioarteko ekintza koordinatu, azkar eta eraginkor bat egitea Mali iparraldeko erronkei aurre egiteko, sare terroristen eta kriminalen arteko loturak baitaude han».
ABren arabera, «talde armatuak, terroristak eta kriminalak» daude Azawaden independentzia aldarrikatu duten tuaregen atzean. Gainera, giza eskubideen urratzen ari direla eta egoera humanitarioa ikaragarria dela salatu du erakundeak. Bestalde, aitortu du proposatzen duen esku hartze militarrak «esfortzuak» eskatuko dituela bai eskualde mailan zein nazioarte mailan.
Junta Militarraren desegitea
Era berean, Maliko Junta Militarrari berehala desegiteko eskatu dio ABk, trantsizio gobernuak boterea har dezan. Gainera, elkarrizketa nazionalerako oinarriak jartzeko eskatu die bai alderdi politikoei zein gizarte zibilari, trantsizioko helburuak betetzeko bide orria martxan jartzeko.
Izan ere, militar talde batek estatu kolpea jo zuen Malin joan den martxoaren 22an, eta harrezkero militarrek ez dute boterea utzi.
NBEren babesa nahi du Afrikako Batasunak Azawadi eraso egiteko
Nazioarteko ekintza koordinatu bat antolatu nahi du ABk, Mali iparraldeko tuaregen lurra berreskuratzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu