NBEren begiraleek bertan behera utzi dute Siriako bake misioa

Misioko buruak dio behatzaileen lana oztopatzen duela hamar egunotan indarkeriak gora egin izanak

Erredakzioa
2012ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Robert Mood NBE Nazio Batuen Erakundearen Siriarako behatzaileen buruak jakinarazi du euren misioa bertan behera utzi dutela, azken hamar egunetan indarkeriak gora egin duelako. «Indarkeriaren gorakadak oztopatu egiten digu behatzeko, egiaztatzeko, informatzeko eta elkarrizketak nahiz egonkortasunerako proiektuak babesteko gaitasuna; funtsean, gure egitekoa aurrera eramateko gaitasuna oztopatzen du».

Behatzaileen buruak nabarmendu du bi bandoek ez dutela borondaterik gatazka bide baketsuen bitartez konpontzeko. Hori horrela, gobernuak eta oposizioko taldeek indarkeriara gero eta gehiago jotzen dutela azaldu du, eta, ondorioz, hildakoak geroz eta gehiago direla. «Egunero hiltzen dituzte zibil errugabeak, gizonezkoak, emakumezkoak eta haurrak».

Sirian 300dik gora behatzaile daude oraintxe, eta han jarraituko duten arren patruilatzeari utziko diotela jakinarazi dute. Dena den, Moodek argitu du beren helburua dela «egoerak ahalbidetzen duenean» berriz ekitea behatzeko misioari.

Siriako Gobernuak dio ulertzen duela erabakia, apirilaren 12an su-etena sinatu zutenetik «talde terroristek» erasoak eta krimenak gogortu baitituzte. Horrez gain, nazioarteko zenbait herrialdek «terroristei» arma modernoak eta telekomunikazio sistemak helarazten dizkietela salatu du Damaskok. Era horretan, Kofi Annan NBEren eta Arabiar Ligaren mandatari bereziaren bake planari kontra egiten laguntzen ari direla salatu du.

AEBek, berriz, NBEren behatzaileen misioa bertan behera utzi izanak «inflexio puntua» markatzen duela ohartarazi dute, eta «pausu berriak» aztertzen ari dela jakinarazi dute.

Bestetik, Siriako Sana berri agentziak jakinarazi duenez, Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroa Kofi Annanekin hitz egiten aritu da, Siriari buruzko nazioarteko hitzaldiari bultzada bat emateko asmoz. Errusiak dio herrialdean eragina duten eskualdeko herrialdeek ere parte hartu behar dutela gatazka konpontzera bideratutako eztabaidan. Hori horrela, Turkiarekin eta Iranekin ere hitz egitea beharrezkoa dela deritzo. Moskuk esan du goi bileraren helburua indarkeria amaitzea eta prozesu politikoa abiaraztea dela, «siriarrek etorkizuna euren kabuz erabaki ahal izan dezaten». Annanek, berriz, nazioarteak norabide berean lan egiteko beharra nabarmendu du berriro ere.

Liskarrak Damasko inguruan

Bestalde, Siriako oposizioko taldeek salatu dute armadak bonbardaketak egin dituela Damasko inguruan dagoen Duman, eta zibilak hil dituela. Herri Koordinaziorako Batzordeen arabera, hamabost lagun hil dituzte eta 350 zauritu, ostiraletik larunbat gauera egindako erasoetan. Egoitza Londresen duen Siriako Giza Eskubideen Behatokiak, berriz, zazpi lagun hil dituztela dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.