NBE Nazio Batuen Erakundeak Siriara bidalitako behatzaileen misioa bertan behera geratu da, Robert Mood misioaren buruak Efe berri agentziari azaldu dionez.
Ohar baten bidez Moodek jakinarazi du "azken hamar egunetan indarkeria armatua areagoatu" egin delako utzi dutela misioa.
Mooden arabera, horrek "behatzeko, egiaztatzeko eta informatzeko ahalmena mugatu" egiten du. Transizio baketsu bat bilatzeko "borondate falta" egotzi die bi aldeei.
Siriako egungo egoerak "arrisku esanguratsuak" ditu behatzaileentzat, Moodek dioenez. Misioa berriro abiatuko da "egoera egokia" dela ikusten dutenean.
Siriako Gobernutik adierazi dute "ulertu" egiten dutela NBEren misioaren erabakia. "Moodi esan diogu ulertzen dugula erabakia, gehienbat behatzaileak babesteari dagokionean", adierazi dute Siriako Atzerri Ministeriotik ohar baten bidez.
Gobernuarentzat, "talde terroristek euren ekintzak areagotu" egin dituzte, eta behatzaileen aurka egin dute.