Israelgo armadaren eta Libanoko erresistentziaren arteko su-etena abuztuan ahalbidetu zuen NBEren Segurtasun Kontseiluaren 1701 ebazpena berriz urratu zuen atzo Israelek. Hain zuzen ere, Libanoko hiriburuan, Beiruten, behin eta berriro ibili ziren Israelgo armadako airekoak, hura hegaldatzen. Gerra hegazkinek lurretik gertuko hegaldiak egin zituzten hiriburuko hainbat auzotan, baina bereziki hegoaldekoetan. Auzo hauetan nagusi dira xiitak, eta iragan uztailaren 12tik abuztuaren 14 arte Libanoren kontra eginiko erasoetan oso gogor jo zituen Israelgo armadak, Hezbolaren gerrillari aurre egiten ziola argudiatuta. Atzo, Beirutez gain, Bekaa harana (Libanoko ekialdean) eta iparraldea zein hegoaldea ere gainetik hegaldatu zituen Israelgo armadak.
Hegoaldean hedatuta dauden NBEren Unifil indarrek ez zuten lerrook idazterako adierazpen ofizialik egin. Haatik, NBEren idazkari nagusiak Libanorako duen ordezkari Geir Pedersen «kezkatuta» agertu zen. Unifilek egunotan Israelek eginiko zortzi urraketa zenbatu dituela azaldu, eta horiek gehiago ez egiteko eskatu zion Pedersenek Tel Aviveko gobernuari.
Ildo berean, Europako Batasuneko Atzerri Politika eta Segurtasunerako goi arduradun Javier Solanak NBEren ebazpenak urratzeari uzteko eskatu zion Tel Avivi.
Israelen eta Hezbolaren arteko su-etena indarrean sartu arren, lehenago eta ondoren maiz urratu du Israelek Libanoren aire eremua, baita itsas eta lurrekoa ere. Joan den astean, Hezbolari arma bahimendua ezartzeko -NBEren ebazpenari jarraiki- Libanoko kostaldean hedatutako Alemaniako itsasontzi batzuetara modu mehatxagarrian hurbildu ziren Israelgo gerra hegazkin batzuek. Herenegun gertaera horregatik barkamena eskatu zion Israelgo lehen ministro Ehud Olmertek Alemaniako kantziler Angela Merkelek.
Bestalde, Hezbola alderdiak (14 diputatu eta bi ministro ditu) ohartarazi du Libanon batasun nazionaleko gobernua osatzeko elkarrizketek aurrera egin ezean, koalizio gobernutik atera eta hau erorarazten saiatuko dela. Hezbolak Amal alderdi laiko xiita eta Michel Aoun buruzagi kristau maronitaren FPM Mugimendu Patriotiko Askea ditu aliatutzat.
HILDAKOAK LIBANON ETA PALESTINAN. Anartean, Israelgo armadak iragan udan jaurtitako eta lehertu gabeko ehunka luku bonbek zabaldutako bonba txikietako batek eztanda eginda, bi mutiko hil eta beste bi zauritu ziren atzo Baalbeken (Bekaa harana).
Palestinan ere hildakorik eragin zuen Israelgo armadak. Hain justu, Gaza eskualdeko Khan Junis hirian Hamasen adar armatu Izzeddin Al Kassem Brigadetako hiru ekintzaile hil zituen. Joan den abuztutik 300 inguru ekintzaile hil ditu Israelgo armadak Gazan.
Bestalde, Avigdor Lieberman ultraeskuindarra Olmerten gobernuari lotu izana gaitzetsi dute buruzagi palestinarrek.
NBEren ebazpena urratuta, Beirut hiriburu gainean hegaldatu da Israelgo armada
Udan Israelek Libanon jaurtitako luku bonbetako batek bi mutiko hil ditu; hiru palestinar hil dituzte Gazan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu