"Marokoren intransigentzia goreneko mailara heldu da Afrikako kolonialismoa amaitzeko oztopoekin", salatu du SEADeko Atzerri ministro Mohamed Salem Uld Salekek. Haren esanetan, NBEren Mendebaldeko Sahararako ordezkari berezi Christopher Rossek hirutan atzeratu behar izan du bere misioa, Rabaten oztopoak direla medio.
Bestalde, NBko Segurtasun Batzordearen eta Sahararen Lagunen Taldearen —Espainiak, AEBek, Errusiak, Erresuma Batuak eta Frantziak osatzen dute talde hori— jarrera ere kritikatu du SEADek. Uld Saleken esanetan, azken horiek "amore eman dute Marokoren xantaiaren aurrean".
Mendebaldeko Saharako bake prozesuak urteak daramatza geldirik. Fronte Polisarioak galdeketa egiteko eskatzen duen artean, Marokok ez du independentziaz hitz egin nahi eta, aldiz, "autonomia gehiago" emateko aukera jarri du mahai gainean.