NBEren Batzar Nagusia

NBEren Segurtasun Kontseiluak aho batez onartu du Siriari buruzko ebazpena

AEBek eta Errusiak adostutako agiriak desarme kimikorako urratsak zehazten ditu, eta nazioarteko erakundeekin hartutako konpromisoa betetzera behartzen du Siriako Gobernua. Ebazpena betez gero, 2014rako arma kimikorik gabe utzi nahi dute herrialdea.

Samara Velte.
2013ko irailaren 28a
18:56
Entzun

NBEren Segurtasun Kontseiluak eta OPCW Arma Kimikoak Debekatzeko Erakundeak aho batez onartu dute Siriako arma kimikoak deuseztatzeko ituna. "Ebazpen historikoa" da, Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiaren arabera. Gainontzeko alderdiek ere txalotu dute akordioa, eta Genevara begira jarri dira: desarmeari buruzko akordioa lortuta, Siriako gatazka konpontzeko irtenbide diplomatikoa ere gertuago dagoela adierazi dute.

Azaro erdialdean egin asmo dute Genevako bake konferentziaren hurrengo saioa. Onartutako itunak jasotzen duenez, gatazkan nahastutako bi alde nagusiak —Siriako Gobernua eta opsizioa— elkartzeko helburua du, gatazkari amaiera emango dion trantsizioko gobernu bat osatzeko. Damaskok "konpromiso osoa" berretsi du nazioarteak proposatutako irtenbidearekin; oposiziotik, ordea, ez da erantzun bateraturik heldu oraindik.

Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak barne zatiketak argitu eta konferentzian parte hartzeko eskatu die matxinoei. Banek ere eskatu du haiei presio egiteko: "Alderdiengan eragina duten guztiek aukera baliatu behar dute. Ezin dugu unea pasatzen utzi".

Ebazpenak OPCWren desarmerako baldintzak betetzera behartzen ditu Siriako alde guztiak, baita oposizioa ere, baina gobernuari zuzenduta dago nagusiki, hark duela bi aste onartu baitzuen arma kimikoei buruzko informazio guztia nazioartearen esku uztea. Hartutako konpromisoa hautsiz gero, NBEren Segurtasun Kontseiluak ez lioke zuzenean zigorra jarriko: berriz elkartu, eztabaidatu eta beste ebazpen bat adostu beharko lukete.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.