Nazio Batuen Erakundeak Errusia konbentzitu nahian jarraitzen du. Atzo, ateak itxita egin zuten bilera Segurtasun Kontseiluko hamabost kideek, eta Siriaren gaineko ebazpen berria aurkeztu zuen Marokok, Moskuren onarpena lortzeko zenbait aldaketa egin ostean. Testu berriak ez ditu aipatzen Arabiar Ligak Siriako gatazka konpontzeko egindako planak biltzen dituen xehetasunak. Nolanahi ere, Errusiak oraindik ez du adierazi testu berria onartuko duen ala ez.
Erregimena giza eskubideak «etengabe urratzen» ari dela salatu arren, NBEren proposamen berriak ez du Baxar al-Assaden kontrako zigorrik aipatzen, ezta Al-Assadi boterea utzi eta batasun nazionaleko gobernu bat osatzeko eskaerarik ere. Siriari armak saltzeko debekua ere kendu dute bigarren testutik. Errusiak, hain zuzen, berretsi du Damaskori «herrialdearen egoera desegonkortuko ez duten armak» saltzen jarraituko duela. «Ez gara ari nazioarteko legerik hausten. Debekatuta ez dagoena onartuta dago», adierazi du Anatoli Antonov Errusiako Defentsa ministrordeak.
Sarraskia gogoan
NBEren ebazpen berriaren aldaketak aldaketa, Arabiar Ligaren babesari eustea da garrantzitsuena, Europako Batasuneko diplomazia iturrien arabera. «Horixe da gure marra gorria». Testu berriarekin «konpromisoak» bildu dituztela diote; «baina oraindik asko falta da erabat ados jartzeko», azaldu dute.
Bestalde, milaka herritar kalera atera dira Siriako hainbat hiritan, 1982an Haman izandako sarraskia gogora ekartzeko. Herrialdearen erdialdeko hirian 10.000 eta 40.000 lagun artean hil zituen Hafez al-Assaden erregimenak —Baxar al-Assaden aita—, matxinada islamista bat gerarazteko.
Oposizioak greba orokorra antolatu zuen atzo Haman, eta hiria erabat gerarazi zutela baieztatu du Siriako Giza Eskubideen Behatokiak. Gutxienez, zortzi lagun hil dira Poliziarekin izandako liskarretan.
NBEren Siriarako ebazpen berriak ez du jaso Arabiar Ligaren xehetasunik
Manifestazio ugari egin dituzte Sirian, Hamako sarraskiaren 30. urteurrena gogora ekartzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu