Duela bi hilabete inor gutxik ezagutzen zuen Yingluck Shinawatra (San Kamphaeng, 1967). Igandeko bozetan gehiengo absolutua lortu duen hautagaia ez baita orain arte inoiz politikan aritu. Arrakasta eta ospea, hain justu, Thaksim Shinawatra lehen ministro ohiari zor dizkio. Nebari.
Hauteskunde kanpainan Puea Thai alderdiaren lidergoa hainbatetan aldarrikatu badu ere, nebaren bozeramaile izatea egozten dio oposizioak. Erbestean egon arren, alderdiko erabakiak Thaksim Shinawatrak hartzen baititu. Kanpainako leloa ereThaksinek, pentsatu; Puea Thaik, egin izan da.
Baina nebaren eledun baino gehiago behar du izan, Puea Thairen gidaritzan Legebiltzarreko 500 eserlekuetatik 265 eskuratzeko. Bi hilabete eskasetan herritarrak bereganatzea lortu du. Ahoan irribarrea duela agertu izan da beti, eta inoiz ez ditu kritikatu aurkariak. Are gehiago, beti gauza onak esan ditu haiei buruz.
Politika ikasketak egin ditu Thailandian eta AEBetan, baina orain arte enpresa munduan aritu izan da. Familiako enpresa bat zuzentzen zuen, hainjustu, politikara igaro aurretik.
Haren irudiko, feminitatea izan du irabazteko arma, eta herritarrak adiskidetzeko ere «bertute» hori erabiliko duela dio.
Izen zaharrari aurpegi berria gehitu diote, eta formulak arrakasta izan du. Orain anaiaren bozeramailea baino zerbait gehiago dela erakutsi beharko du.•
Soslaia. Yingluck Shinawatra
Nebaren eleduna baino gehiago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu