errefuxiatuen krisia

Negarra eragiteko gasa errefuxiatuen aurka

Kroaziako mugan, Serbiako hegoaldean ari dira biltzen errefuxiatuak. Lehen ministroak iragarri du ez dietela Kroaziara sartzea oztopatuko. Baimenik gabe muga pasatzen saiatzen diren iheslariak atxilotzen hasi da Hungaria; 366 inguru atzeman dituzte gaur. 1.500 inguruk Horgosen jarraitzen dute, muga pasatzeko esperoan. 

Hungariako Poliziak ur kanoiak eta negarra eragiteko gasa erabili du errefuxiatuen aurka. TAMAS SOKI / EFE
Ainhoa Oiartzabal-Xabin Makazaga
2015eko irailaren 16a
08:24
Entzun

Kroaziako mugan, Serbiako Sid hirian ari dira biltzen hainbat errefuxiatu azken orduotan. Hungariak atzo mugak itxi zizkien Serbiatik hara igaro nahi zuten iheslariei, eta, horrenbestez, Europa mendebaldera sartzeko, Kroaziarako bidea hautatu dute hainbat iheslarik. Lehen datu ofizialen arabera, 150 iheslarik igaro dute bart Serbiatik Kroaziarako muga.

Hungariako mugan, berriz, Poliziak ur kanoiak eta negarra eragiteko gasa erabili ditu errefuxiatuen aurka.

Zoran Milanovic Kroaziako lehen ministroak hango irrati kate batean iragarri du ez dietela oztoporik jarriko iheslariei: "Kroaziatik igaro ahalko dute; lagundu egingo diegu". Milanovicek gogor kritikatu du Hungariak hartutako bidea, "arriskutsua" deritzolako: "XXI. mendean alanbre hesia eraikitzea ez da erantzun bat; mehatxu bat da". 

Baltikoko igarobidea traba handi bat izan da azken asteetan Turkia edo Mediterraneo itsasoa zeharkatu ostean Grezia, Mazedonia, Serbia eta Hungariatik Europa iparraldera iritsi nahi izan duten Ekialde Hurbileko iheslari eta migratzaileentzat. Baina, atzodanik, Hungarian kriminaltzat hartuak dira gerratik ihesi muga baimenik gabe igarotzen ahalegintzen direnak. Lehen ondorioa: Hungariako mugaraino iritsi ostean, ez atzera eta ez aurrera, Horgos 1 eta 2 pasabideetan harrapatuta geratu diren milatik gora iheslari.

Alemaniak hamar egunez eutsi zion ate irekien politikari, baina Angela Merkelen gobernuak zorroztu egin zituen mugako kontrol neurriak igandean, Hungariak Serbiarekiko muga itxi eta immigrazioaren kontrako lege berria indarrean sartu aurretik. Europa erdiko herrialde gehienak gauza bera egiten hasiak dira, baina korapiloa, orain, Serbiatik Hungariarako mugaldean dago.

Mugaldean harrapatuta

Muga baimenik gabe pasatzen ahalegintzea bost urte arteko kartzelarekin zigortzeaz gain —atzo gutxienez 45 iheslari atxilotu zituen Poliziak; gaur 366 inguru atzeman ditu—, asilo eskaerak tramitatzeko prozedura azkar bat indarrean sartu du Hungariak. Eta Roszke ondoan, Horgoseko muga pasabideetan igarotze guneak antolatu dituzte, berez Hungariako lurretatik kanpo. Asiloa nahi dutenek han egin behar dute eskaera, eta prozesua amaitu arte ezin dute igarotze gunetik atera; paperik ez dutenak, zuzenean botatzen dituzte atzera. Serbiak, baina, «indarrez itzularazitako» errefuxiaturik ez duela onartuko nabarmendu du.

Hungarian asiloa onartzen ez dieten iheslariak atzera itzularaztea «onartezina» dela esan zuen atzo Ivica Dacic Serbiako Atzerri ministroak. Hungarian sartzea lortzen ez dutenei, berriz, Serbiako errefuxiatu kanpalekuetara itzultzen utziko dietela nabarmendu zuen Aleksandar Vulin Lan ministroak: "Muga pasatu dutenei Hungariako estatuak tratu egokia emango diela espero dugu".

Irteera errazik gabeko «tranpa bat» bihurtu dira Hungariak ezarritako igarotze guneak, UNHCR Iheslarientzako NBEren Goi Mandatariak Budapesten duen bozeramaile Erno Simonen arabera: "Hungarian sartzeko baimenik ez dute, eta serbiarrek ez diete utziko itzultzen. Bi indarren artean harrapatuta daude".

Igarotze guneetan asiloa eskatzeko etxola batzuk daude, baina iheslariak artatzeko baliabiderik ez du jarri Hungariak. Iritsi berriei jana eta ura banatzen hasi zen UNHCR, baina askok ez zuten hartu nahi izan. Baraua ere hasi zuten, presio neurri gisa, muga irekitzeko oihukatzen zuten bitartean. "Jende asko dago haur txikiekin, eta adin handikoak, lurrean eserita, muga noiz irekiko", esan zuen UNHCRk Serbian duen eledun Melita Sunjicek.

"Krisi egoera" Hungarian

Serbiako muga ixteko 175 kilometroko burdin sarea eraiki du Hungariak, eta libre zegoen trenbide tartean herdoildutako bagoi bat jartzeaz gain, iheslariak burdin sarea igarotzeko baliatutako zuloak itxi egin dituzte. Harresi sendoago bat eraikitzeko asmoa aspaldi agertu zuen Budapestek, baina hesia Errumaniako mugaraino zabalduko dutela esan zion atzo MTI agentziari Peter Szijjarto Hungariako Atzerri ministroak. Serbiako mugatik Maros ibairainokoa izan liteke, 20 bat kilometrokoa: "Arrazoizko neurri bat".

Serbiako mugaldeko bi probintziatan «krisi egoera» deklaratu zuen atzo Hungariak, aurreko asteetan iritsitako milaka errefuxiatuengatik, eta mugako kontrolak handitzeaz gain, poliziek eta soldaduek asilo eskatzaileak miatzeko baimena jaso dute. Urte erdi iraungo du larrialdi egoerak.

Hungariatik Austriarako eta handik Alemaniarako pasabideetan, aurrekoak baino egun lasaiagoa izan zen atzo. Mugan kontrolak gauerdian ezarriko zituztela jakinarazi zuen Austriak. Presak bezperan izan ziren, Hungariak muga itxi aurretik. 180 asiliatuk, hala ere, trenetik jauzi egin zuten atzo Munich eta Berlin artean. 520 irten ziren, eta 340 iritsi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.