Negoziatzeko bost puntuak

2012ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Nekazaritzaren garapena. Gobernuak nekazaritzaren garapenerako legea jarriko du mahai gainean, eta FARCek Gerrillarien Nekazaritza Plana, latifundioak desjabetu eta nekazari pobreenen artean banatzea proposatuz, lurrak indarrez kentzea eta bereganatzea gatazka armatuaren oinarrian baitago. Lehentasuna du puntu honek haientzat.

Parte hartze politikoa. FARCek politikara jauzi egin eta desmobilizazioaren truke delituak bertan behera uzteko baldintzak polemika sortzen du. Negoziazioek aurrera egin ahala, zehaztu beharko dute zein delitu jotzen duten politikotzat, zer egin kondenak dituzten gerrillariekin, eta nola landu nazioarteko zuzenbidea urratu dutenen gizarteratzea. Horrez gainera, jauzi hori ematen duten gerrillarien segurtasuna bermatu behar da, ez errepikatzeko 80ko hamarkadan gertatutakoa. UP eta PCC alderdietako kideak babesteko plana abiarazi du gobernuak. UP FARCeko 80ko hamarkadako negoziazioetatik sortutako alderdia da, eta estatuko erakundeek eta paramilitarrek 3.000 bat kide eta buruzagi hil zituzten.

Gatazkaren amaiera. Armak, FARCen gizarteratzea, presoen egoera eta erreforma instituzionalak barneratzen ditu puntu honek. Polemika armen inguruan aurreikusi dute, erabiltzeari uztea nahikoa den, edo entregatu eta suntsitu behar diren, eta, hori egitekotan, noiz.

Drogak. Droga trafikoaren auziak nazioartearen parte hartzea eskatzen duen arren, negoziazio hauetan formulak hitzartu beharko dituzte koka lantzen duten 63.000 familiarentzat, eta lanketaz arduratzen direnez harago zerikusirik duten guztientzat. Droga negozioaren parte guztiak aztertuko dituzte.

Biktimak. Bi aldeen biktimak aintzat hartuko dituzte, estatuak eragindakoak ere bai, orain arte ez bezala. Zailtasunak egongo dira, ordea, egiaren eta justiziaren balantza egiteko, eta gizartearen kalteak benetan gainditzeko planak zehazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.