Kataluniako prozesu subiranista

Negoziatzen segitzekoak dira CUP eta JPS, baina ez dute ezer zehaztu

Elkarrizketa saioan bitartekari lana egin dute ANCk, Omnium Culturalek eta Independentziaren Aldeko Udalerrien Elkarteak. Tartea estua dela esan du Masek, eta, akordiorik ezean, astelehenean hauteskundeetara deitzea beste erremediorik ez duela.

Akordioa egiteko eskatzeko elkarretaratzea, ostegun iluntzean, Bartzelonan. MARTA PEREZ / EFE
2016ko urtarrilaren 7a
09:36
Entzun

Negoziatzeko azken orduak dituzte Katalunian, eta estutzen ari dira alderdi guztiak. Junts Pel Siko eta CUPeko ordezkariek bilera egin dute ostegun arratsaldean, ia bost orduz. Batzuek zein besteek arratsean iragarriak zituzten agerraldiak bertan behera utzi dituzte, eta ez dute zehaztu bileran zertaz aritu diren hizketan. Negoziatzen segitzeko borondatea dutela iradoki dute, halere.

Artur Mas jarduneko presidenteak, berriz, elkarrizketa eman du TV3 kate publikoan ostegun gauean. Azaldu du arratsaldeko bileran ez dela askatu azken hiru hilabeteotan sortutako "korapiloa". Eta erantsi du ez duela tarterik: iganderako presidente bat adostuz gero, posible litzateke inbestidura egitea, baina astelehenean presidenterik ez badago hauteskundeetara deitu beste erremediorik ez duela izango.

Elkarrizketan, CUPen jarrera kritikatu du. Bera presidentetzat kenduta ez dela urratsik egingo adierazi du, independentzia prozesuak ezin duelako inor "baztertuta" utzi. Soberanismoak batuta jarraitu behar duela eta, alde horretatik, martxoan bozak egingo balira JPSren proiektua errepikatu beharko litzatekeela erantsi du, emaitzak hobetuko lituzkeelako, eta Espainiako Estatuaren botereak kolokan jarri dituela erakutsi duelako.

Ostiralak ekarriko duenaren miraz

Arratseko bilera ANC Kataluniako Biltzar Nazionalak, Omnium Culturalek eta AMI Independentziaren Aldeko Udalerrien Elkarteak antolatu dute. Bartzelonako Ayre hotelean elkartu dira JPSko eta CUPeko ordezkariak. Ez dute xehetasunik batere eman bilerari buruz. Negoziazioetara ez dagoela itxita esan du CUPek, ez gehiago. JPSk ere, negoziatzen ari direla, besterik ez. Bihar berriz biltzeko zitarik ez dutela jarri esan dute. Ikusteko dago, beraz, gaurko bilerak zer ondorio ekarriko dituen datozen orduetan, ondoriorik ekartzen badu.

Ostegunean hainbat mugimendu izan dira. Independentziaren aldeko Sumate elkarteko kideak, adibidez, CUPekin batzartu dira goizean, eta proposamen bat egin dute, Artur Mas conseller en cap izendatzeko (lehen ministroaren gisako kargu bat). CUPek ez du baztertu aukera hori. Ondoren, parlamentuan bilerak egin dituzte, JPSkoek bere aldetik, eta CUPekoek beretik. Arratsaldeko hiruretatik aurrera batzartu dira elkarrekin, zazpiak pasatxo arte.

JPSren etorkizuna, zehaztasunik gabe

Artur Mas, berriz, ERCri zuzendu zaio JPSk goizean egin duen bileran. Proposamen bat egin dio, jarduneko egungo gobernuan Junts Pel Siko kideak sar daitezen, iganderako akordiorik lortzen ez badute. Hartara, martxoan hauteskundeak egingo balira, independentziaren aldekoek "batasunaren irudia" emango lukete, Masen hitzetan. ERCk berehala erantzun dio ezetz; "iruzur demokratikoa" litzatekeela esan du.

Hauteskundeetan elkarrekin aurkezteko asmoa argi utzi du Masek TV3n eman duen elkarrizketan ere. ERCk, aldiz, ez du argitu hauteskunde horietan CDCrekin batera aurkeztuko ote litzatekeen. Lehentasuna, orain, akordio bat lortzen saiatzea dela esan du Oriol Junquerasen alderdiak..

ANC, akordio eske

Ostegun iluntzean, berriz, 19:30etik aurrera elkarretaratzeak egin dituzte Kataluniako hainbat herritan (Bartzelonan, Gironan eta Reusen, besteak beste), ANCk deituta. Alderdiei mezua eman diete: hauteskundeak errepikatzea ez dutela nahi, akordioa nahi dutela, eta independentziarako bidea markatuko duen gobernu bat osatzea nahi dutela.

CUPi eta JPSri eskatu diete inbestitzeko presidente bat, prozesu konstituziogilearekin aurrera jarraitu ahal izateko. "ANCko kideok uste dugu garai garrantzitsua batean gaudela eta denon erantzukizuna dela aurrera egiteko bideak aurkitzea".

Bartzelonan, Masi urrats bat atzera egiteko ere eskatu diote beste elkarretaratze batean dozenaka lagunek. Izan ere, gero eta gehiago dira Masi alde batera egiteko eskatu dioten ahotsak, baita CDCk Junts Pel Sin aliatu duen ERCren barruan ere. Horietako bat izan da Joan Tarda, diputatua Espainiako Kongresuan: "Azkenean alde batera egin behar badu, egin beharko du. Ez dela bidezkoa? Agian. Ez duela merezi? Agian ez. Mas oinarrizkoa izan da prozesua bultzatzeko, baina irailaren 27an emandako hitza betetzeko alde batera egin behar badu, bada, egin dezala".

Komunikabideetan ez ezik, sare sozialetan ere ugari dira alde batera egin eta hautagaitza beste norbaiten esku uzteko eskatzen duten ahotsak, #MasDeixaPas hashtag-arekin.

Poble Lliureren oharra

CUPen ezetzaren aurrean komunikatua plazaratu zuen asteazkenean Poble Lliurek, ohartaraziz Kontseilu Politikoaren ardura izango dela orain erabaki haren ondorioak kudeatzea. Horretaz gain, iragarri du ez duela onartuko soilik galdeketa helburu duen hautagaitza bat babestea: "Horrek soilik mugimendu independentista ahultzeko balioko luke, eta horixe da, hain zuzen, En Comu Podem taldearen asmo nagusietako bat".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.