Protestak herrialde arabiarretan

Negoziazioak baztertu ditu Gaddafik, eta Ras Lanuf gogor bonbardatzen ari da

Catherine Ashton libiarrei "euren iraultza" egiten uztearen alde agertu da. Zawijako findegian ustiapena bertan behera utzi dute. Libiatik Gaddafiren hiru hegazkin ofizial atera dira azken orduan, eta, Al Jazeeraren arabera, Gaddafiren senitartekoak daramatzate.

2011ko martxoaren 9a
17:20
Entzun

Goizean esandakoari jarraituz, Muammar Gaddafik ez du atzera egin, eta Ras Lanuf gogor bonbardatzen ari da gaur. Lekukoek diotenez, ke beltz handia ikusten da zeruan, hiri horretan dagoen petrolio findegiak su hartu duelako seinale. Ziurrenik portua bonbardatu dutela diote albiste agentziek. Horien arabera, hegazkinak, artilleria eta soldaduak mobilizatu ditu Gaddafik hiria berreskurtzeko. Bengazitik 350 kilometrora dago, eta Ras Lanuf konkistauko balu, hortik Bengazi erasotzera igaroko litzateke.

Nahiz eta herenegun egunkari batek argitaratu zuen zigorrik gabe uzten bazuten Libiatik joateko prest zegoela, Muammar Gaddafik errebeldeekin negoziatzea baztertu du. Gaur esan duenez, ez dago Bengazin osatu duten Kontseilu Nazionalarekin hitz egiteko prest; existitzen dela ere ukatu du, eta errebeldeak Al Kaedarekin lotu ditu. Kontseilu Nazionalari gehitu zaizkion bere gobernuko kide ohietaz preso dituztela esan du, eta heriotza mehatxupean ari direla.

Aldi berean, nazioarteko konplot "kolonialista" salatu du. Zehazki, AEBek, Erresuma Batuak eta Frantziak Libia kolonizatu nahi dutela esan du, petrolioa ustiatzeko. Libiako herritarrak bonbardatzen ari dela ukatu du, eta hori "herrialde kolonialisten gezurra" dela esan du. Hala ere, ez du baztertu etorkizunean Parisera bidatzea, iraganean bisita ofizialetan egin duen moduan.

Catherine Ashton: "Libiarrei euren iraultza egiten utzi behar zaie"

Catherine Ashton Europako Batasuneko goi mandatariak libiarrei euren iraultza egiten utzi behar zaiela esan du, eta nazioartearen esku hartzearen inguruan Europaren jarrera argitu du. Bere hitzetan Europako Batasunaren lehentasuna une honetan giza-laguntza eramatea, europearrak Libiatik ateratzea eta biolentzia amaitzea dira.

Ashtonen hitzetan, Libiatik iritsi diren berriemaileek esan diote libiarrek ez dutela laguntzarik nahi: "Euren herria duintasunez defendatzeko altxatu dira". Herrialde arabiarretan izaten ari diren protestak gardentasuna, lana, hezkuntza eta justizia eskatzen ari direla gaineratu du, eta onartu egin du horrelakoetan Europako Batasunari kosta egiten zaiola erreakzionatzea.

Geroz eta gehiago ari da indarra hartzen aire espazioa ixteko aukera, batez ere, zibilen aurkako bonbardaketak eteteko. Mahmud Abbas Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak, ordea, erabaki hori herrialde arabiarrek hartu behar dutela esan du, eta asteburuan egingo duten bilerara arte itxarongo dutela aurreratu du. Bide batez, herrialde arabiarretan izaten ari diren protestek Ekialdi Hurbil osoan demokrazia eta bakea ezartzen lagunduko dutela espero duela esan du.

Zawijan petrolio ustiapena bertan behera geratu da

Zawijan jarraitzen dute borrokek gaur, eta Libiako telebista publikoak esan du Muammar Gaddafiren soldaduek hartu dutela hiria. Tripolitik 50 kilometrora dago Zawija, eta borroken ondorioz, petrolio ustiapena bertan behera utzi behar izan dute findegian. "Hiri osoa kontrolatzen dugu ia, soilik saboteatzaile batzuk geratzen dira, sakabanatuta", esan du Gaddafiren aldeko soldadu batek.

Bengazin dagoen oposizioak hiri horrekin harremana galdu duela berretsi du, baina komunikazioak Gaddafik kontrolatzen dituelako gertatu dela gaineratu du. Azken orduetan tiro hotsak entzun dira Bengazin, Gaddafiren hiru hegazkin ofizial Libiatik atera direla ospatzeko. Hain zuzen, Grezian, Egipton eta Austrian antzeman dituzte. Hegazkin txikiak dira, eta Gaddafiren senitartekoak doazela barruan esan du Al Jazeera telebista kateak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.