Testuaren arabera, Turkia EBn sartzea da bileren azken helburua. Vienak, baina, dokumentuan bigarren aukera bat jasotzea nahi zuen. Hau da, Turkiarekin elkarlan estua izatearena, hura EBko kide izan gabe. Ankarak, ordea, ez zuen halakorik onartu nahi. Dena den, nolabaiteko akordioa lortu zuten EBko kideek eta Turkiako Gobernuari bidali zioten proposamena. Bitartean Ankarako aireportuan zegoen Turkiako Atzerri ministro Abdula Gul, Luxenburgora joan eta negoziazioak hasteko prest. Gul atzo arratsaldean zen Bruselara joatekoa, baina atzeratu egin zuen bidaia, proposamenaren inguruko eztabaida zela eta.EBko buruzagitza Erresuma Batuaren esku dagoenez, herrialde hartako Atzerri ministro Jack Strawk bi aldeekin hitz egin zuen atzo akordioa lortu ahal izateko. Haren esanetan, Ankararen eta Vienaren jarrerek batasuna amildegi ertzera eraman zuten. Gauzak horrela, Erdoganek AEBetako Estatu idazkari Condoleezza Riceri deitu zion, laguntza eske. Washingtonek ahal zuen guztia egingo zuela erantzun zion Ricek.
Hedapenerako oztopoak
EBko Kontseiluak 2004an hitzartu zuen Turkia Batasunean sartzeko negoziazioak hastea. Austriako Atzerri ministro Ursula Plassnikek onartu zuen hori zela negoziazioen berezko xedea. Baina era berean, bilerek porrot eginez gero, Ankara batasuneko kide berezi izateko aukera aztertzeko eskatu zuen. Plassniken esanetan, kide berriak onartzeko EBren gaitasuna mugatua da eta hori kontuan hartu beharko litzateke proposamenean. Bestalde, Austriako herritarren %73 Turkia Europako Batasunean sartzearen aurka daude. Europan %54ra ailegatzen da kopuru hori. «Ez diogu inori gu beldurtzen utziko», ohartarazi zuen Plassnikek.
Ziprek ere oztopoak jarri zizkion Turkiarekin bat egiteari. EBko zenbait herrialde nazioarteko erakundeetan sartzearen aurka agertu izan da orain arte Ankara. Esaterako, Zipre NATOn sartzeari betoa ezarri zion. Gauzak horrela, testuak EBren politikarekin bat egiteko eskatzen dio Ankarari, batez ere nazioarteko erakundeei dagokienez. Eskaera hori ez zen Turkiaren gustukoa izan, eta ondorioz, Erdoganen gobernua lasaitzeko, artikulu horren eragina zehaztea hitzartu zuen EBk. Austrian ez ezik, Europako beste hainbat herrialdetan ere kezka eragin du Turkia EBn sartzeak, herrialdearen tamainarengatik, pobreziarengatik edo erlijioarengatik besteak beste. Hori dela eta, Austriako kantziler Wolfgang Schuesselek kezka hori kontuan hartzeko eskatu zion atzo Bruselari. Europan sartzeko Turkiaren 40 urteko ametsa bertan behera utziz gero, herrialde katolikoen eta musulmanen arteko enfrentamenduak saihesteko aukera galduko zuela ohartarazi zion Erdoganek Bruselari. Hori zela eta, bakearen eta egonkortasunaren alde egiteko eskatu zien Turkiako lehen ministroak nazioarteko agintariei. «Guk bete ditugu gure egunbeharrak. Orain Europako Batasunaren txanda da. Sen ona galtzea gizateriaren etorkizunaren kalterako izango litzateke». Bestalde, Turkiako herritarren artean ere murriztu egin da EBn sartzearen alde daudenen kopurua. Iazko abenduan horiek %73 inguru baziren, duela gutxi egindako galdeketen arabera, %57 inguru dira orain.
Kroazia ere zain
Europako Batasunak atzo zituen aztertzekoak Kroaziak EBko kide izateko emandako aurrerapausoak. Baina, Turkiarekin izandako arazoak zirela eta, atzeratu egin zuten bilera. Hala ere, Kroazia Nazioarteko Zigor Auzitegiarekin elkarlanean aritzeko prest zegoela eta negoziazioak has zitezkeela jakinarazi zion Jugoslavia Ohirako Auzitegirako fiskal nagusi Carla del Pontek EBri. Bruselak jada onartu du Zagrebekiko negoziazioen oinarri izango den dokumentua eta, zenbait iturriren arabera, laster jakinaraziko diote bilerak hasteko eguna Kroaziako Gobernuari.
Joan zen martxoan atzeratu egin zituzten negoziazioak, fiskal nagusiak Zagreb ez zela Nazioarteko Zigor Auzitegiarekin elkarlanean ari salatu ostean. Kroaziako lehen ministro Ivo Sanaderren esanetan, baina, Zagreb auzitegiari laguntzeko prest dago.
PROTESTAK
Nazionalistak negoziazioen kontra
Turkia Europako Batasunean sartzeko negoziazioak hasi baino 24 ordu lehenago Ankaran bildu ziren milaka turkiar nazionalista, Gobernuari prozesua bertan behera uzteko eskatzeko. Lehen ministro ohi Devlet Bahcelik eta Mugimendu Nazionalistaren Alderdiak antolatu zituzten manifestazioak. Bahcelik gogor kritikatu zuen Ankara, EBk jarritako baldintza guztiak onartzeagatik.
Luxenburgon ere izan ziren atzo protestak. Han dozenaka kurdu bildu ziren Turkiak ez dituela giza eskubideak errespetatzen salatzeko. Horrelako Turkiarik ez Europan leloa zeramaten manifestariek pankartetan. Giza eskubideen egoera hobetzea zen Bruselak Turkia Europako Batasunean sartzeko jarritako baldintzetako bat.