Kolonbia

Negoziazioek porrot egin dute Kolonbian

Protestan jarraitzera deitu dute sindikatuek eta gizarte mugimenduek. Kolonbiak Espainian duen enbaxadoreak Poliziaren jarrera defendatu du.

Manifestazio bat, atzo, Bogota hiriburuan. MAURICIO DUENAS CASTANEDA, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko maiatzaren 11
11:04
Entzun

Ia bi aste daramatzate protestan Kolonbian, eta tarte horretan gutxienez 47 pertsona hil dira, Temblores gobernuz kanpoko erakundearen eta Indepaz Garapenerako eta Bakerako Ikerketa Institutuak egindako zenbaketen arabera. Ivan Duque presidenteak bultzatutako zerga erreformak eragin zituen manifestazioak, baina, hura erretiratuta ere, kaleak betetzen jarraitu dute herritarrek. Besteak beste, osasun erreforma bertan behera uztea eta lan merkatua hobetzea dira gazteen eskari nagusiak, baina ez bakarrak.

Duquek bart egin du bilera apirilaren 28ko greba orokorrerako deia egin zuen batzordearekin, baina akordiorik gabe amaitu dituzte elkarrizketak. «Gobernuak ez zuen ezer zehatzik esan bi gai nagusien inguruan: protesten bermeak eta segurtasun indarrek baliatutako gehiegizko indarkeria», kritikatu du Diogenes Orjuelak, Kolonbiako Langileen Zentral Batua sindikatuko ordezkariak. Hala, gaurko beste greba nazional bat antolatu dute sindikatu eta gizarte eragileek, apiriletik egiten duten hirugarrena.

Bestalde, Cali hirian izan zen atzo Duque, azken egunetan protesten erdigune bilakatu den lekuan, gobernuaren kezka adierazteko asmoz. Estatuburua lau orduz egon zen bilduta udal gobernuko ordezkariekin; ez zuen, ordea, hitzik egin manifestarien ordezkariekin. Aldiz, manifestariei eskatu zien ken zitzatela hiriko hainbat tokitan jarritako barrikadak, eta indigenei, berriz, itzul daitezela etxera, «istilu gehiago saihesteko».

Manifestariek Poliziari eta «banako armatuei» egozten dizkiete hildakoak. Baina gobernuaren ikuspegia bestelakoa da. Kolonbiak Espainian duen enbaxadoreak defendatu egin du segurtasun indarren jarrera, argudiatuta zenbaitetan «ezinezkoa» dela bereiztea nor dagoen armatuta eta nor ez. «Segurtasun indarren balizko gehiegikeriak ikertu beharko lirateke, baina baita desadostasun zilegiaren atzean ezkutatzen diren gaizkileak ere».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.