Negoziazioekin ez duela jarraituko berretsi dio PANek Washingtoni

Israelek koloniak eraikitzeari uztea ezinbertzeko baldintza dela erran dio Abbasek Mitchell senatariari

Erredakzioa
2010eko abenduaren 15a
00:00
Entzun
AEB Ameriketako Estatu Batuek Ekialde Hurbileko bake prozesurako izendatutako ordezkaria, George Mitchell senataria, Israelen eta Palestinan izan da egun hauetan. Herenegun, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroarekin Jerusalemen elkartu zen. Atzo, berriz, Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko buruarekin batzartu zen Ramalan. Bilera horretan, Abbasek berretsi du Israelek Zisjordanian koloniak eraikitzen jarraitzen duen artean, PANeko ordezkariek ez dutela negoziazioekin jarraituko. Gainera, AEBei eskatu die auzi horretan jarrera «argia» hartzeko.

Iragan astean iragarri zuten AEBek, Zisjordaniako kolonien auziarekin ez zutela gehiago estutuko Israel. Koloniak eraikitzeari berriz ekitea erabaki zuen joan den irailean Tel Avivek, eta, horren eraginez, PANek negoziazioak bertan behera utzi zituen. Elkarrizketei berrekiteko asmoz joan da Mitchell Ekialde Hurbilera. Herenegungo bilera «positiboa» izan zela erran zuen Netanyahuk, eta «oinarrizko gai guztiei buruz» eztabaidatzeko prest dagoela adierazi zuen. Saeb Erekat PANeko negoziatzaileak, baina, adierazi du edozein elkarrizketa edo negoziaziotarako «baldintza» dela kolonien eraikuntzak etetea. Mitchellek gaur amaituko du hiru eguneko bidaia, Kairon. Liga Arabiarreko presidente Amro Musarekin batzartuko da han. Bilera horren ondotik, Liga Arabiarraren bake ekimenaren jarraipenerako batzordearekin elkartuko da Abbas.

Elkarrizketak ez aitzinera, ez gibelera daudenez, bakerako denbora «bukatzen» ari dela adierazi du Simon Peres Israelgo presidenteak. Erresuma Batuko The Daily Telegraph egunkariaren arabera, berriz, EB Europako Batasuneko Atzerri ministroak Palestinako estatua onartzeko prest daude.

Hamasen 23. urteurrena

Hamas erresistentzia islamikorako mugimendua sortu zenetik 23 urte bete ziren atzo, eta urtemuga oroitzeko ekitaldia egin zuten Gazan. Israel ez dutela «inoiz onartuko» erran zuen Ismael Hania alderdiko buruak, 10.000 lagun ingururen aitzinean egindako hitzaldian. Haniak zin egin du Palestinako herriaren eskubideen eta «oinarrizko printzipioen zaindari fidela» izanen dela Hamas.

Zisjordanian, berriz, Israelgo armadak 31 palestinar atxilotu zituen atzo egindako sarekadan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.