Ehud Olmert Israelgo lehen ministroak eta Mahud Abbas Palestinako presidenteak negoziazioak «lehenbailehen» hasteko urratsak egitea hitzartu zuten atzo,estatu palestinarra sortzekobidean. «Estatu palestinarra sortzeko oinarriak zein izan behar duten ezartzen hasi gara», Olmertek bileraren ostean esan zuenez. Bilera ateak itxita egin zuten, bi agintariek eta haien aholkulariek, eta ez zuten agendaren berri eman. Urratsak egin dituzte, bi buruzagiek nabarmendu dutenez, eta «oso positiboa» izan da, baina isilean mantentzea nahiago izan dute.
George Bushek azarorako Ekialde Hurbileko bake prozesuari buruz antolatu duen konferentziari begira egiten hasi dira bilerok, han hitz egingo denari buruz agenda osatu nahian. Deigarria egiten da, hala ere, Palestinan egin izana atzoko bilera. Bigarren Intifadaz geroztik, 2000tik, lehen aldia da Israelgo mandatariak hara joaten direna, eta sekulako segurtasun indarrez inguraturik egin zuten bilera. Jericon, Palestinan egun den leku lasaienetakoan egin zuten bilera, eta egun batzuk lehenago hasi ziren prestatzen Israelgo segurtasun indarrak.
«Aurrez aurre bizi diren bi komunitateen ezinikusia gainditzea» nahi du Olmertek, eta horretarako beharrezkoak diren «gai nagusiak» zein diren zehaztea, horiek Bushen konferentzian aurkezteko eta konponbidea lortu ahal izateko. Baina bi gobernuburuek euren herrialdeetako ordezkari gisara izan behar duten protagonismoa alde batera utzi gabe, 2003ko Errepide mapa-k ez duela baliorik galdu nabarmendu du. Ekialde Hurbilerako negoziazioetarako Laukoteak ezarritako bake planaz ari da Olmert, Europako Batasunak, AEBak, Nazio Batuen Erakundeak eta Errusiak ezarritakoa, hain zuzen. Baina Mendebaldeak eta Israelek boikotatzen segitzen dute iaz bozetan nagusitu zen alderdi palestinarra, Hamas. Abbasen Al Fata alderdi moderatua sostengatuz ezarri nahi dituzte oinarriak.
Horrez gainera, Abbasentzat garrantzitsua da Israelekin harreman ona izatea, eta horretarako Israelek Palestinan dituen segurtasun indarrak gutxitzea nahi du, baina Olmertek esan duenez, «aurrerago eztabaidatuko» dituzte.
MANTSO BAINA SEGURU. «Konplexua da palestinarren artean dagoen auzia batetik, eta Israelekin dagoena bestetik. Abbas ez da bilerara etorri irtenbide magikoarekin besapean, ezta Olmert ere, eta auzi konplexuari irtenbidea emateak luze joko badu ere urrats seguruak egin nahi dituzte», esan du Abbasen gobernuko bozeramaile Saeb Erekatek, «baina hainbat bilera egiteko hitzarmena egin dute gai garrantzitsuak eztabaidatu ahal izateko, Palestinako Estatua sortzeko gaia barne».
Olmerten eledun David Bakerrek ere bilera sorta egiteko borondatea dutela esan du, baina atzokoan ez dutela arazo konkretuez hitz egin. «Bi aldeek erabaki dute arazoak eztabaidatzeko hitzordu gehiago egitea, behingoz auziari irtenbide bateratua eman ahal izateko».
Olmertek uztailaren amaieran iragarritako «oinarrizko akordioa»da, hain zuzen, atzo hitz egiten hasitakoa. Haaretz egunkariak zehazten duenez, akordio proposamen horren arabera, estatu independentea eratuko lukete Israelgo armadak 1967an okupatutako lurralde palestinarren zatirik handienean, betiere Mendebaldearen eta Tel Aviven babesarekin.
AUZI ERRAZETIK ZAILETARA. Haaretz-en arabera, estatu palestinarra osatzeko balizko negoziazioaren oinarria zera da: «lehenik, konpontzeko errazagoak diren auziei ekitea», Israelgo Legebiltzarrak errazago onar ditzan. «Palestinarrek proposamena onartuz gero, bi aldeak estatu palestinarraren ezaugarrien gainean hitz egiten hasiko lirateke, haren instituzio ofizialen, ekonomiaren eta Israelekiko muga araudiaren inguruan».
Funtsezko auzietako batzuk geroago eztabaidatuko lituzkete: mugak zehaztea eta estatu israeldarraren eta palestinarraren arteko mugimendu askatasuna finkatzea. Iraganean zubibide bat proposatu zuten, eta orain, berriz, tunel baten bidez komunikatzea proposatzen dute.
Baina, 1948ko eta 1967ko gerretan milizia sionistek eta Israelgo armadak erbestera bidalitako errefuxiatu palestinarren auzia ez du oraingoz eztabaidatu nahi Olmertek, horiek itzultzeko baimena ematea, hain zuzen. Behin betiko mugak ezartzea eta Jerusalemen auzia ere gerorako utzi nahi du. Atzo, Abbasek horiei buruz hitz egingo ziola esan zuen Haaretz-ek bileraren aurretik, baina ondoren, gaiok ez zituzten aipatu ere egin bi mandatariek.
Palestinarrek Jerusalem dute hiriburutzat, baita israeldarrek ere, baina nazioarteak Tel Aviv jotzen du Israelen hiriburutzat. 1947an NBEk Palestina zatitu zuenean herrialdearen lur eremurik handienak juduen esku geratu ziren, eta gehiengo arabiarrari soilik lurraldearen %45 eman zion. Jerusalem eta Belen hiriak «nazioarteko eremu» izendatu bazituen ere, 1948an israeldarrek hiriaren mendebaldea okupatu zuten. Ekialdea 1967an okupatu zuten.
Testua bigarren parrafoa testua bigarren parrafoa testua bigarren parrafoa.
[email protected]
Negoziazioetarako aurrebaldintzak ezartzen hasi dira Olmert eta Abbas
Agintari israeldarrek 2000. urteko Intifadaz gero Palestinan egindako lehen bilera da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu