Poloniako nekazari guztiak ordezkatzen dituen Nekazarien Ganberako presidentea da Ardanowski.
Nola eragingo dio EBn sartzeak eta EBko CAP Nekazaritza Politika Komunak Poloniako sektoreari?
Polonia oso herrialde handia da eta suposatzen dugu eragin handia izango duela CAPen. Alabaina, EB kezkatuta dago Poloniarekin eta horregatik araudiak azkar aldatu ditu, gu EBn sartu aurretik. Diru laguntzak jasotzeko arauak aldatu ditu eta hori ez da ona gure nekazaritzarako. Nahasmena eragin digu aldaketa bizkor horrek.@:Poloniako baserriak txikiak, zaharkituak eta familiarrak izan ohi dira. Nola lor daiteke eutsigarri bihurtzea?
Diozun bezala, txikiak dira eta beste diru iturri batzuk bilatu behar dira. Nekazaritzari euts dakioke, baina ez ekoizpen alorrean, zerbitzu moduan baizik. Baserritarrek ez dute zertan hirietara emigratu, bertan jarraitzea nahi dugu. Nekazaritza turismoa da aukeretako bat.
Nekazariek laguntzarik jasotzen al dute dagoeneko EBtik?
Gaur egun, Polonian aseguru sistema oso onuragarria daukagu eta EBn sartzean galdu egingo dugu. Horren ordez, garapen teknikoa laguntzeko kredituak jasoko ditugu eta lurra karearekin ongarritzeko tekniketan laguntza. Espero dugu galduko dugun laguntza baino handiagoa jasotzea EBtik. Gure Gobernuak eta EBko administrazioak kontu formaletan laguntzea ere nahi dugu, hots; agiriak betetzen laguntzea nekazariei. Izan ere, laguntza hori gabe ezingo ditugu diru laguntzak jaso. Nekazarientzat arazo handia da ezagutzen ez dituzten arau eta agiri ugari bete behar izatea. EBk pazientzia handiagoa izatea nahi dugu, ez baitaukagu denbora askorik horretara egokitzeko.
Poloniarren %27k nekazaritzan egiten dute lan, baina BPGren %5 bakarrik dator nekazaritzatik. EB lehiakortasun handiko sektorea da. Nola egingo diozue aurre horri?
BPGren %5 bakarrik dator nekazaritzatik, baina nekazaritzak ez du soilik BPGn eragina, baita arlo sozialean ere; ez du BPG bakarrik sortzen. Nekazariei lagundu nahi diegu zerbitzu sektorera pasatzen. Adibidez, familia negozio txikiak sortzen. Guk prestakuntza ugari eskaintzen ditugu eta dirua lortzeko bide alternatiboak bilatzen lagundu.
Zein iritzi duzue nekazariok EBn sartzeari buruz?
Ziur nago nekazari gehienak kezkatuta daudela, baina EBn sartzea beharrezkoa dela uste dugu. Kezkarako arrazoietako bat CAPen arau aldaketa da, duela bost urte erabat ezberdinak baitziren. EBko nekazariek jasotzen dituzten diru laguntzenlaurdena jasoko dugu. Espainia, adibidez, EBn sartu zenean, nekazariek diru laguntzen %100 lortu zuten; guk soilik %25 jasoko dugu. Ulertzen dugu, oso herrialde handia gara eta ez dugu tratu berezirik nahi, berdintasuna baizik.Baserri asko desagertuko dira, baina beste diru iturri batzuk lortzea espero dugu. Gure eginkizuna, gure gobernuarena eta EBrena da.
Zergatik aldatu ditu EBk hain azkar CAPen araudiak?
Gure lehiakortasunaren beldur direlako. Adibide bat emango dizut: Poloniak hazi tona bat 100 eurorengatik ekoizten du; eta Danimarkak edo Frantziak 200 eurorengatik. Prezioa bera da berez, baina diru laguntzekin bikoitza. Bestetik, Polonia herrialde handia da eta EBk, jada, ekonomia arazoak ditu. Ezin ditugu jaso herrialde txiki batek adina laguntza .
«Nekazariok galduko dugun laguntza baino handiagoa jasotzea espero dugu EBtik»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu