NEPAL. Protestetan indarkeria erabiltzea salatu du NBEk

Poliziak hiru manifestari hil, eta 40 bat zauritu ditu Katmanduko kaleetan

Erredakzioa
2006ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Gyanendra erregearen manuak beteta, Nepalgo Poliziak tiro egin zuen atzo, etxeratzeko agindua urratuta Katmanduko kaleetara jaitsi ziren dozenaka mila manifestariren aurka. Poliziak gutxienez hiru manifestari hil, eta beste 40 bat zauritu zituen, dozena bat larri. Etxean geratzeko agindua goiz honetara luzatu dute. Giza Eskubideetan adituak diren NBEko bost adituk manifestazioei aurre egiteko indarkeria erabiltzea gaitzetsi zuten. «Manifestatzeko eskubidea era baketsuan egiteko aukera izan behar dute manifestariek».

Odol isuria eragin zuen tiroketa Katmanduko mendebaldeko Kalanki auzoan gertatu zen, milaka manifestari debekatutako gunera, hiriburu erdialdera, sartzen saiatzean. Hasieran, Poliziak lehergailu negarrarazleak botatzen eta kautxuzko balekin tiroka hasi zen, baina bala hilgarriak baliatu zituen gero. Oposizioko zazpi indar politikok eta gerrilla maoistak egindako deiari erantzunda, protestarako beste elkarretaratzerik ere gertatu zen atzo Katmandun. Hala, Maharajgunjeko bazter auzoan 20.000 manifestarik aurre egin zieten hiriburu erdialdera sartzea eragozten zieten poliziei. «Herriak nahi duena Errepublika demokratiko bat da», oihukatzen zuten, besteak beste, bildutakoek. Katmanduko iparraldeko Gongabu eta Chahabil auzune baztertuetan ere milaka herritar atera ziren, baina Poliziak gogor sakabanatu zituen.

Indiako mezularia, baikor

Poliziak jarritako hesiagatik eta oposizioko indarrek deitutako grebaren ondorioz, Katmandu erdialdea ia jenderik gabe geratu zen. Katmanduko aireportua nazioarteko hegaldietarako irekia egon zen, baina Nepalgo barne hegaldirik ez zen egon. Hortaz, Katmandura herenegun etorri zen Indiako Gobernuaren ordezkari berezi Karan Singh New Delhira bueltatu zen atzo, bere gobernuari Gyanendra erregearekin eta oposizioko indarrekin izandako hizketaldien berri ematera.

«Baikor nago; espero dut erregeak laster zerbait iragartzea», esan zuen Karan Singhek, New Delhira iristean. Erregearekin izan zuen solasaldian eta Manmohan Singh Indiako lehen ministroak eman zion mezua errepikatuta, ordezkari bereziak ohartarazi zuen «Nepalgo agintarien eta indar konstituzionalen arteko elkarrizketari» ekin behar zaiola, «ahal bezain laster, politika indarren aniztasunean oinarritutako demokrazia berriro indarrean ezartzeko».«Nepalen bakea eta egonkortasuna berriro ezartzeko ahalegin guztiak sustatzeko prest da India», esan zuen herenegun lehen ministroak. «Prozesua urratsez urrats aurreratuko da, arazoak nepaldarren artean konpondu arte».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.