Haitiko kolera izurritea sortzea egotzi die Frantziako mediku batek NBE Nazio Batuen Erakundeko soldaduei. Haitiko Gobernuak Frantziakoari eskatu zion izurritearen sorrera ikertzeko, eta Parisek Renaud Piarroux doktorearen esku utzi zuen ikerketa. Horrek Nepalgo kasko urdinei leporatu die eritasuna eramatea eta hedatzea. NBEk, ordea, horren frogarik ez dagoela adierazi du. Haitiko osasun zerbitzuen arabera, 2.120 lagun hil dira izurritearen ondorioz, eta gaixotutakoak 90.000 baino gehiago dira. Gaitza Dominikar Errepublikara ere hedatu da, eta hango Osasun Ministerioaren arabera, 22 lagun eritu dira oraingoz.
Piarrouxen arabera, izurritea Mirebalais herrian sortu zen, herrialdearen erdialdean. Nepalgo soldaduak hantxe ezarri ziren, eta haien herrialdean lehendik kolera izurrite bat bazegoela ohartarazi du Piarrouxek bere ikerketan. Nepalgo soldaduak ailegatu eta gutxira agertu ziren lehen kolera kasuak Mirebalaisko biztanleen artean. Gaitza Haitin zehar nola hedatu zen ere azaldu du Piarrouxek. Haren arabera, soldaduek kanpalekuko ur zikina ibaira botatzen zuten, eta herriko biztanleek handik hartzen zuten ura. Uraren bidez, pixkanaka, izurritea hedatuz joan zen.
Frantziako Atzerri Ministerioak NBEren esku utzi du Piarroux doktorearen txostena. Erakundeak Haitin duen misioak, Minustahk, ordea, uste du «askoren artean egindako txosten bat gehiago» baino ez dela. Minustahko bozeramaile Martin Nersirkyk adierazi du Piarrouxen ondorioak ez dituztela «ez ontzat joko, ezta baztertuko ere». Ikerketa honen aitzinetik, Minustahko ikertzaile talde bat Nepalgo kasko urdinen kanpalekuan egon zela oroitarazi du Nersirkyk. «Misioak uraren analisi anitz egin zituen kanpalekuan eta ibaian, eta denek emaitza negatiboa eman zuten». Haitiarren artean, ordea, usterik hedatuena da Piarrouxen ondorioa, hau da, koleraren hedatzea NBEko soldaduen errua izan dela, eta horren ondorioz liskar larriak egon dira Minustahko indarren kontra.
Haitiko Osasun eta Biztanleria Ministerioaren arabera, berriz,93.222 erietatik 44.157 artatu dituzte ospitaleetan. Hildako 2.120 lagunetatik 661 ez zituzten erietxeetan artatu. Iturri berberak jakinarazi du izurritea hedatzen ari dela, eta orain arte inor zendu ez zen departamentu bakarrean, Nippesen -hego-mendebaldean-, bi lagun hil dira. Artibonite departamenduan, ipar-mendebaldean, hil da pertsona gehien: 793.
Hauteskundeak argitu zain
Kolerarekin batera, azken egunetan herrialdeko istilu iturri nagusiak izan dira joan den azaroaren 28an egindako hauteskundeak.Horien behin-behineko emaitzak atzo ziren argitzekoak. Behaketarako Kontseilu Nazionalak, dena den, 1.600 bozkalekuetan hartutako laginetik abiatuta bigarren itzulia egon zitekeela jakinarazi zuen. Mirlande Manigat eta Michel Martelly dira bigarren itzulira igaroko direnak, aurrikuspen horren arabera. Lehenbiziko itzuliko azken emaitzak hilaren 20an argitaratuko dituzte, eta bigarren itzulirik balego, hurrengo urteko urtarrilaren 16an eginen da.
Azaroaren 28ko hauteskundeetan hemeretzi hautagai aurkeztu ziren, eta horietatik hamabik Jude Celestin hautagai ofizialistaren aldeko iruzurra egon zela salatu, eta hauteskundeak bertan behera uzteko eskatu zuten-salatzaileen artean zeuden Manigat eta Martelly-. Oposizioko alderdien jarraitzaileak kalera atera ziren Port-au-Princen eta gainerako hiri nagusienetan, eta orduz geroztik isitilu larriak egon dira horien eta ofizialisten artean. Nazioarteko ikuskatzaileek, ordea, ontzat jo zituzten bozak.
Nepalgo NBEko soldaduek sartu zuten kolera Haitin, ikerketa baten arabera
NBErentzat ez dago frogarik, eta txostenaren ondorioak ez ditu «ez ontzat joko, ezta baztertuko ere»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu