Berriz ere, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak gogor kritikatu ditu munduko potentzia nagusien eta Iranen arteko negoziazioak. «Lausanan prestatzen ari diren akordioak igortzen duen mezua da erasoek ez daukatela zigorrik; alderantziz, horiengatik saritu egiten dute Iran», adierazi du Netanyahuk ekitaldi batean, haren kabineteak argitaratutako ohar baten arabera. Lehen ministroak erran du Israelek ez dituela «begiak itxiko», eta «belaunaldiz belaunaldi» eginen diela aurre mehatxuei, «honetan bereziki». Netanyahu da nazioartean akordio baten aurka ozenen mintzatu den agintaria. Hilaren 17an, AEBetako Kongresuan agerraldi bat egin zuen bere jarrera babesteko.
Israelgo lehen ministroaren adierazpen gogorrenak izan dira negoziazioak eta Yemengo egoera konparatuz egin dituenak. «Ezin da ulertu Yemenen Iranek babestutako indarrak eremu gehiago konkistatzen ari diren bitartean, Lausanan begiak ixtea eraso horri». Are gehiago, erran du «Iran-Lausana-Yemen» ardatz bat existitzen dela. «Arriskutsua da gizateria osoarentzat eta gelditu egin behar da».
Huthiak, Adenen erasora
Hain zuzen, Yemenen matxino xiitak Saudi Arabiak zuzendutako koalizio baten erasopean dauden arren, hegoaldeko kostako Aden hiriari eraso diote berriz ere, eta aireportua berreskuratu dutela adierazi dute. Abd Rabu Mansur Hadi presidenteak urtarrilean Sanatik ihes egin ondoren, Adenen ezarri zuen hiriburua. Huthien (matxino xiitek) gobernuko Osasun Ministerioaren arabera, koalizioak atzo gutxienez 40 zibil hil zituen ipar-mendebaldeko Hajjah probintzian errefuxiatuen kanpamentu batean egindako aire erasoan. Bederatzi herrialde arabiarrek osatzen dute koalizioa, eta Pakistanek jakinarazi du haiekin elkartu dela. SPA agentziaren arabera, Pakistango soldaduek Egiptokoekin batera ariketak hasi dituzte Saudi Arabian, Yemengo mugatik hurbil.
Netanyahu: «Akordioa Iranen erasoei emandako sari bat da»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu