Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak atzo legebiltzarrean egindako adierazpenak praktikan jartzen baditu, Gazako su-etena ez da iraunkorra izango. Joan den ostiraletik herenegunera Gazan suspertu zen indarkeriaren etena iragarri zuten bi aldeek Egiptoren bitartekaritzari esker, baina Gazan gertaerak mugiarazten dituena Iran dela uste du Netanyahuk, eta lurralde hartan Teheranen eraginak bukatu behar duela. «Gazan gertatzen dena Iran da. Har ezazue kontzientzia horretaz», esan du legebiltzarkideen aurrean.
«Gazan gertaerak mugiarazten dituena ez da auzi palestinarra. Nondik datoz misilak? Irandik. Nork entrenatzen ditu terroristak? Iranek. Askotan Iranek agintzen du». Barnegiturak eta taldeak ere haren esku daudela esan die parlamentariei. «Espero dut gaur denek uler dezazuela Gazan terroristek, Jihadek eta Libanoko Hezbollahek ere Iranen babesarekin ekiten dutela. Eta, orain, imajina ezazue babes hori nuklearra balitz».
Israeldarren suntsipenera deitzen dutenen atzean arma nuklearrak dituen estatu bat dagoela irudikatzeko eskatu die lehen ministroak politikariei: «Prest zaudete hori onartzeko? Ni ez, behintzat. Edozein lider arduratsuk ulertzen du ezin dugula hori gertatzen utzi». Hori dela eta, Netanyahuren ustez, «porrota» izan zen israeldarrak Gazatik ateratzea, 2005ean. «Gazatik erretiratzeak bakerako bidea zabalduko zuela esan zuten. Zein bide? Zer bake? Gertatu dena da Iran Gazan sartu dela, eta guk handik aterako ditugu».
Arabiar Liga kezkatuta dago Gazan Israelek erasoekin jarraituko duela uste duelako, Nabil al-Arabi erakundeko idazkariaren iritziz, eta Israelek 2006an ezarritako blokeoa amaitzeko eskatu du beste behin: «Aspertu arte errepikatuko dut. Blokeoa bidegabea da, eta legez kontrakoa, eta berehala kendu behar du».
Palestinarren eta Israelgo armadaren arteko lau eguneko erasoetan israeldarrek 26 palestinar hil dituzte, eta gutxienez 80 zauritu. Joan den ostiralean Erresistentziarako Herri Batzordeetako idazkari nagusi Zuhair al-Qaisi hil zutenean hasi ziren erasoak. Atzo, su-etenaren lehen egunean, zortzi misil baino ez ziren iritsi Israelera —aurreko egunetan 400 inguru—, eta Israelgo armadak Gazan bonbardaketa bat egin zuen, baina hildakorik eragin gabe. Hala ere, ume palestinar bat hil zen atzo, asteleheneko Israelen erasoetako baten ondorioz.
Kolonoen indarkeria
Europako Batasuneko barne txosten batean ohartarazi dute 2011n kolonoen indarkeriak «nabarmen gora» egin duela Zisjordanian, eta Israeli presionatzeko eskatu dio nazioarteari neurri eraginkorrak har ditzan herritarrak babesteko.
2011n 411 eraso egin zituzten kolonoek, txostenaren arabera. Urtebete lehenago, berriz, 266; 2009an, 132. Eraso horietan iaz hiru palestinar hil zituzten, eta 183 zauritu. Palestinarrek, berriz, zortzi kolono hil zituztela dio txostenak, hiru erasotan. Kalte materialei dagokienez, berriz, 10.000 olibondo suntsitu zituzten kolonoek, palestinarren diru iturri gutxienetakoa «are gehiago ahulduz». Hain zuzen, palestinarrak bizirik irauteko jarduerak suntsitu dituztela azaldu du, etxebizitzez gain.
Palestinarrek salatu dituzten kolonoen erasoen %90 artxibatu egin dituzte, gainera, epaiketarako prozesurik zabaldu gabe. Herbehereek ez beste Europako Batasuneko estatu guztiek egin dute bat txostenarekin, Israeli eskatzeko Zisjordaniako palestinarrak babes ditzala, eta kolonoak gehien aritzen diren guneetan egoteko.
Kolonoen erasoak meskitetara eta PAN Palestinako Aginte Nazionaleko eraikinetara zabaldudira, baita Israelgo armadara ere, hainbat leku babesteagatik. Hori dela eta, armada 2011ko ekainetik aurrera neurri bereziak hartzen hasi dela jaso du txostenak. «Baina neurriak soilik israeldarrei eragiten dienean hartutakoak dira. Palestinarrak babesteko ez da neurririk hartu orain arte». Kolonoen erasoek «giroa gaiztotzen laguntzen» dutela dio txostenak.
Netanyahu: «Iranek agintzen du Gazan, eta bota egin behar dugu»
Israelgo lehen ministroaren ustez, «porrota» da Israelgo armada Gazatik 2005ean erretiratu izana
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu