Ekialde Hurbila

Netanyahu: "Jerusalem ez da kokagune bat, gure hiriburua da"

AEBetan egin du aldarrikapen hori Israelgo lehen ministroak, Obama presidentearekin bildu baino ordu batzuk lehenago. Gai hori dela eta, liskarra izan berri dute AEBek eta Israelek, eta Netanyahuk bereari eutsi dio.

2010eko martxoaren 23a
16:52
Entzun
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa AEBetan da bisita ofizialean, eta gaur da Barack Obama presidentearekin batzartzekoa. Azken egunetan liskar giroan ibili dira herrialde biak, Israelek Jerusalem ekialdean kokaguneak areagotzeko plana duela agertu eta gero. Hain zuzen ere, Joseph Biden AEBetako bitartekaria Israelen zela egin zuen iragarpena Netanyahuren gobernuan, eta auzitan jarri zuen Bidenen bitartekaritza lana.

Azken egunetan, giroa bere onera eramateko ahalegina egin dute bi herrialdeen ordezkaritza diplomatikoek, baina kokaguneen inguruko eztabaidaren itzala ez dute gainditu. Hain justu, auzi hori hizpide izan du bart Netanyahuk Washingtonen, AIPAC juduen lobby-aren urteroko batzarrean, eta bereari eutsi dio: hau da, Jerusalem israeldarrena dela aldarrikatu du, eta, ondorioz, han eraikitzeko eskubidea dutela adierazi. "Jerusalem ez da kokagune bat, gure hiriburua da", esan du zehatz-mehatz.

Leku berean mintzatu zen ordu batzuk lehenago Hillary Clinton AEBetako Estatu idazkaria, eta zeharka bada ere, kolonizazio politika eteteko eskatzeko baliatu zuen parada; zehazki, "erabaki zailak baina ezinbestekoak" hartzeko eskatu zion Israeli. Areago, kokaguneak eraikitzeko politikari eusten badio, horrek "elkarren arteko konfiantza hondatu" eta "elkarrizketak arriskuan" jarriko dituela eman zuen aditzera Clintonek.

Arestian esan bezala, Obamarekin elkartuko da gaur Netanyahu, eta negoziazioak sustatzeko beste ahalegin bat egin nahi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.