Israelgo Likud alderdiko primariouetara ahulduta iritsi arren, jarduneko lehen ministro Benjamin Netanyahu garaile atera da, botoen %72rekin. Haren aurkari Gideon Saarrek onartu egin du lehen ministroaren garaipena. Saarrek alderdikideen botoen %27,5 baino ez ditu eskuratu.
«Jainkoaren eta zuen laguntzarekin, Likudi garaipen handia ekarriko diot datozen hauteskundeetan, eta Israelgo Estatua gidatuko dut inoiz ez bezalako lorpenak eskuratzeko», idatzi du Netanyahuk.
Aurten bi aldiz saiatu da Netanyahu Israelgo Gobernua osatzen, baina ez du lortu; Avichai Mandelblit fiskal nagusiak inputatu egin du, iruzur, eroskeria eta konfiantza abusuko delituak egin dituelakoan; gainera, Nazioarteko Zigor Auzitegiak Israelek palestinarren aurkako gerra krimenak egin ote dituen ikertuko du, iragan astean jakinarazi zuenez. Beraz, atzoko bozak suzko proba bat ziren agintariarentzat, egoera pertsonalagatik eta aspaldian lehenengoz aurkari bat izan zuelako.
Ia urtebete da Israel blokeo politiko batean dagoela, eta politikariek gobernua osatzeko hirugarren saiakera egingo dute datorren martxoaren 2ko bozen ondoren. Duela hiru hilabetekoetan, Likudek parlamentuko 120 diputatuetatik 32 eskuratu zituen —apirilean baino sei gutxiago—, eta haren aurretik izan zen Zuria eta Urdina koalizioa, 33rekin —bi gutxiago—; ordea, bi indar horiek buru diren blokeek ez zuten erdietsi gehiengo osoa, eta blokeoak bere hartan jarraitu zuen, Avigdor Lieberman ministro ohiak ez baitzuen inor babestu.
Netanyahuri leporatzen dizkiotenak
Israelgo Auzitegi Gorenak datorren asteartean erabakiko du inputatu batek jaso dezakeen gobernua osatzeko agindua. Epaileek ezezkoa ebatziko balute, Likuden buruzagiak ezingo luke gobernurik osatu, eta, hortaz, kolokan izango luke Israelgo gobernuburu karguan segitzea.
Israelen historian lehenengoz, karguan dagoen lehen ministro bat inputatu dute ustelkeriagatik. Mandelblit fiskal nagusiak hiru urte luzez ikertu du Netanyahu jarduneko lehen ministroa, eta, iragan urrian hura galdekatu ostean, abenduaren 10ean jakinarazi zuen «nahikoa froga» bildu dituztela delitu hauengatik inputatzeko: iruzurra, eroskeria eta konfiantza abusua.
Fiskaltzak hiru kasu hartu ditu kontuan Israelgo jarduneko lehen ministroa auzipetzeko erabakia hartzerakoan. Lehena 4.000 zenbakia daraman auzia da, eta, horren arabera, Netanyahuk ustez lehen eskuko informazioa ematen zion Bezeq telefonia operadoreari, enpresak babesten duen komunikabide batek haren izena eta jardun ona goraipatzearen truke.
1.000 zenbakia daraman auziaren arabera, jarduneko lehen ministroak eta haren familiak 230.000 euroren opariak onartu zituzten bederatzi urtez; tartean bitxiak, puruak eta Frantziako xanpaina. Trukean, hobari fiskalak ematen zituen.
Azkenik, 2.000 izeneko auzian, egunkari baten mesedean aritzea leporatzen diote. Yedioth Ahronoth Israelen irakurle gehien dituen egunkaria da, eta jarduneko lehen ministroak komunikabide horren aldeko legezko neurriak babestu zituen, bere irudiaren eta interesen aldeko informazioa zabaltzearen truke.
Netanyahu legez ez dago dimititzera behartuta, baina, epaiketan erruduntzat joko balute, orduan bai, orduan lehen ministro kargua utzi beharko luke.