Ekialde Hurbila. Palestinarren geroa NBEn

Netanyahuk ez du lortu Israelek Laukotearen planarekin bat egitea

Israelgo lehen ministroaren eta gobernuko ministro garrantzitsuenen artean ez dute negoziazioei ekiteko adostasuna lortuSegurtasun Kontseilua ostiralean bilduko da PANen proposamena eztabaidatzeko

2011ko irailaren 29a
00:00
Entzun
NBE Nazio Batuen Erakundean Palestina eskubide osoko estatu gisa onartzeko proposamena bat egite berrien komisiora igorri du Segurtasun Kontseiluak, eta ostiralean egingo dute lehen bilera proposamena eztabaidatzeko. «Prozesua aurrera doa, urratsez urrats», adierazi du pozik Rijad Mansur palestinarren NBEko ordezkariak. Bitartean, Israelgo Gobernuak, NBEn palestinarrek hasitako bidea bakea lortzeko oztopoa dela kritikatu badu ere, eta negoziazioaren alde egin badu ere, ez du adostasunik lortu elkarrizketak berriz hastea eskatzen duen Laukotearen —AEB, EB, NBE eta Errusia— proposamenaren inguruan.

Gobernuko zortzi ministro garrantzitsuenekin bilera luzea egin du Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak. Gobernuak Laukotearen irtenbidearekin bat egiten duela iragartzea espero zen, baina Netanyahuk ez du ministro guztiak konbentzitzea lortu, eta ez dute erantzun bateraturik eman. Dena den, gobernuak kritikatu du Mahmud Abbasek, PAN Palestinako Aginte Nazionaleko buruak, estatua lortzeko negoziatzea baino NBEko bidea nahiago izatea.

Hilabeteko epean lehen bilera egitea biltzen du Laukotearen planak, non negoziaziorako agenda eta metodoa adostu beharko duten bi aldeek. Horrez gain, 2012a amaitu baino lehen behin betiko bakea bermatuko duen akordioa sinatu beharko lukete.

Israelek PANi, paradoxikoki, elkarrizketei ekiteko baldintzarik ez jartzeko baldintza ezarri dio. Bitartean, palestinarrek, negoziazio mahaian esertzeko baldintzarik exijitzen ez duela kritikatu diote Laukotearen proposamenari. Israelek nazioarteko legeak urratzen dituen kolonien politika bertan behera uztea eta 1967ko mugak onartzea eskatzen dute. Hain justu, herenegun, okupatutako lurraldetan 1.100 etxebizitza eraikitzeko erabakia hartu zuen Israelek. Atzo, berriz, 80 hektarea konfiskatu zituen palestinar lurretan, kolonoentzat errepide bat eraikitzeko.

Nazioarteak gogor gaitzetsi du Jerusalem hegoaldean dagoen Gilo auzoan etxebizitza gehiago eraikitzeko asmoa. EB Europako Batasunak, AEBek eta Errusiak, besteak beste, Israelen erabakiak bake negoziazioak oztopatzen dituela salatu dute. «Orain, inoiz baino gehiago, bi aldeek amore eman behar dute», adierazi du Errusiako Gobernuak. Beti estatu palestinarra sortzearen alde egin badu ere, eta Israelen kolonien politika gaitzetsi izan badu ere, Israelen jarrera «orain are larriagoa» dela uste du Errusiak, nazioartea bi aldeak negoziatzera bultzatzen ahalegintzen ari baita.

Mansurrek, berriz, Israelek koloniak eraikitzen jarraitzeko erabakiarekin negoziazioari «1.100 ezezko» eman dizkiola salatu du, gogor.

Sei baiezko eta zalantza ugari

Bestalde, espero bezala NBEko bat egite berrien komisioak —Segurtasun Kontseiluko kideek osatzen dute— proposamena onartzen badu, Segurtasun Kontseiluan bozkatu beharko dute Palestina NBEko 194. estatua bilakatzeko eskaera.

Palestinarrek erabakiak luze ez jotzea espero dute. Normalean kide berri baten bat egitea 35 eguneko epean erabakitzen bada ere, diplomazialariek luzatu daitekeela ohartarazi dute, Segurtasun Kontseiluak ez baitu gehienezko eperik erabakia hartzeko. Hain justu, bozketa saihesteko AEBek eztabaida behar baino gehiago luzatzeko asmoa izan dezaketela uste du PANek.

Proposamenak aurrera egin dezan, kontseiluko hamabost herrialdeetatik bederatziren babesa lortu behar du PANek, eta beto eskubidea duen ezein herrialdek ezezkorik ez ematea —Frantzia, AEB, Erresuma Batua, Txina eta Errusia—. Barack Obama AEBetako presidenteak, ordea, proposamenari betoa jarriko diola iragarri du jada, baina egoera hori saihestu nahi du. Izan ere, ez du palestinarrei estatua sortzea galarazten diena izatearen ardura bere gain hartu nahi.

Oraingoz, kontseiluko sei herrialde dituzte alde palestinarrek: Txina, Errusia, Brasil, India, Libano eta Hegoafrika. Frantziak, Erresuma Batuak, Bosnia eta Herzegovinak, Gabonek, Nigeriak eta Portugalek ez dute argitu, oraindik, zein jarrera hartuko duten, eta Kolonbiak, berriz, abstenitu egingo dela iragarri du.

Ron Prosor Israelgo NBEko enbaxadoreak, baina, Palestina Segurtasun Kontseilutik 194. estatu gisa aterako ez dela adierazi du. AEBen beto eskubidea gogorarazi du, eta Barack Obama AEBetako presidenteak NBEren Biltzarrean esandako hitzak gogora ekarriz, PANen proposamena «lasterbidea» dela kritikatu du. Horrez gain, elkarrizketak berriz ekiteko eskatu du. «Palestinarrekin edozertaz hitz egin dezakegu, aurre baldintzarik gabe, Jerusalemen nahiz Ramalan», adierazi du. «Guztia da negoziagarria, baina palestinarrek elkarrizketak ez abiatzeko aitzakiak jartzen dituzte behin eta berriz», gaineratu du.

Bestalde, juduen urte berriaren ospakizunen harira, Gaza eta Zisjordaniako muga igarobideak itxi ditu Israelgo Gobernuak igandea bitartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.