Israelgo hauteskundeak

Netanyahuk irabazi ditu bozak

Ia boto guztiak zenbatuta, Benjamin Netanyahu egungo Israelgo lehenengo ministroak alde handiz irabazi ditu hauteskundeak. Iragarri du gobernua osatzeko nazionalista eskuindarren eta muturreko ortodoxoen babesa eskuratzeko harremanak hasiko dituela.

Benjamin Netanyahu, atzo, bere jarraitzaileei hizketan. ABIR SULTAN, EFE
Ainhoa Oiartzabal-Xabin Makazaga
2015eko martxoaren 18a
08:35
Entzun

Inkesten emaitzak ezeztatu egin dituzte atzo Israelen parlamentua aukeratzeko botoa ematera joan ziren herritarrek —hautesleen %71,8k bozkatu dute—; izan ere, beste behin Likud alderdiari eta haren buru Benjamin Netanyahuri eman diote botoa. Hala, gaur egungo Israelgo lehenengo ministroa bere laugarren agintaldiaren atarian legoke. 

Gobernua osatzeko nazionalista eskuindarren eta muturreko ortodoxoen babesa eskuratzeko harremanak hasiko dituela iragarri du Netanyahuk.

Ia boto guztiak zenbatuta, parlamentuaren 30 eserleku eskuratu ditu Likud alderdi kontserbadoreak. Hala, alde handia atera dio Herzog eta Livniren Batasun Sionista koalizioari, 24 eserleku eskuratu baititu. Lau alderdi arabiarren koalizioak, berriz, 14 erdietsi ditu. Orotara, 120 eserlekuk osatzen dute parlamentua.

Batasun Sionista alderdiak ez zituen espero emaitza hauek; adierazi du "egun zaila" dutela gaurkoa.

Ia sei milioi hautesle zeuden botoa ematera deituak Israelgo 20. parlamentua egituratzeko. Guztira, 26 alderdi politiko aurkeztu dira bozetara, baina hamar inguruk lortuko dituzte ordezkaritza izateko beharrezkoa diren botoen %3,25.

Arabiarren "mamua" haizatzen

Israelgo telebista kateek atzo hauteslekuak ixtean egindako zundaketen arabera, Batasun Sionista zentro-ezkerreko koalizioa eta Benjamin Netanyahu lehen ministroaren Likud alderdia ia berdinduta zeuden.

Netanyahuk argi erakutsi zuen urduri zegoela, bera buru izango lukeen eskuineko gobernua "arriskuan" zegoela idatzi baitzuen atzo Facebooken, kutsu arrazista nabarmeneko post batean: "Boto-emaile arabiarrak samaldan ari dira joaten hautetsontzietara. Ezkerreko erakundeek daramatzate". 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.