Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak Irani egotzi dio Indian eta Georgian Israelen enbaxaden aurkako atentatuak egitea. Netanyahuren hitzetan, Iran da «terrorismoaren esportatzaile handiena munduan», eta Libanoko Hezbollah milizia xiitari ere azken erasoetan parte hartzea leporatu dio. Poliziaren arabera, New Delhin motorrean zihoan lagun batek lehergailu bat itsatsi zion enbaxadako auto bati, eta hori zartarazita lau lagun zauritu ziren. Tbilisin, berriz, poliziek granada bat indargabetu zuten Israelgo enbaxadako langile baten autoan.
Netanyahuren arabera, israeldarren eta juduen aurka hainbat eraso saiakera izan dira azken hilabeteetan. «Guztietan lortu dugu horiek saihestea, tokian tokiko agintariekin elkarlanean». Iranek erantzun du, ordea, eraso horiek Israelek berak egin dituela, Teheranen aurkako «gerra psikologikoaren» baitan. Gainera, Teheranek erran du nazioarteko auzitegietan salaketak paratu dituela Tel Aviven aurka, zientzialari nuklearren aurkako atentatuak egitea egotzita. Hain zuzen, Iranek Azerbaijani leporatu dio Israelekin batera erasoak prestatzea, horien artean zientzialarien hilketak. Azerbaijanen, Iranen bezala, musulman xiitak dira biztanle gehienak, baina gobernuen harremana ez da ona; bertzeak bertze, Azerbaijan AEBen eta Israelen aliatua delako, eta herrialdearen hegoaldea Iranen menpe dagoelako.
Diplomazia eta mehatxuak
Adierazpenak eta mehatxuak ia egunerokoak dira azken aldian. Atzo, adibidez, Irango aire armadako buruzagiorde Azizola Nasirzadehek adierazi zuen AEBek eta Israelek ez dutela «mehatxuak betetzeko gaitasunik». Washingtonen aldetik, berriz, Mark Fox Bortzgarren Gerra Ontzidiko buruzagiak erran du diplomazia dela Iranen aurka «segitu beharreko bidea», baina erasorako prest daudela nabarmendu du. Said Jalili programa nuklearraren inguruko Irango negoziatzaileak soluzioak bilatzeko «elkarlana» exijitu die potentzia handiei.
Netanyahuk Irani egotzi dizkio Israelen enbaxaden aurkako erasoak
New Delhin lau lagun zauritu dituzte bonba bat leherrarazita, eta Tbilisin granada bat indargabetu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu