Ke zuria Israelen, hiru hauteskunderen eta 484 egunen ostean: Benjamin Netanyahu jarduneko lehen ministroak eta Benny Gantz parlamentuko presidenteak koalizio gobernu bat osatzeko akordioa sinatu dute. Urtebete iraun duen blokeo politikoa, hortaz, amaitu egin da, koronabirusak sorturiko osasun larrialdiaren erdian.
Urduritasun eta maniobra askotako egunak izan dira asteotakoak. Gantzi iragan astelehen gauean amaitu behar zitzaion gobernua osatzeko agintea, baina, ados jartzeko gutxi falta zitzaiola argudiatuta, epea luzatzeko eskatu zion Reuven Rivlin Israelgo presidenteari; hasiera batean agintariak ezezkoa eman zion arren, gerora 48 orduko tarte gehigarri bat eskaini zion, koalizio gobernu bat osatzeko. Urtebetean parlamentuan gehiengoa segurta lezakeen adostasun bat inoiz baino gertuago zegoen seinale izan zen. Halere, bi aldeek huts egin zuten, eta epea akordiorik gabe amaitu zen.
Porrot horren ostean, Israelgo presidenteak parlamentuko diputatuen esku utzi zuen gobernu bat osatzeko hautagaia aukeratzea. Finean, Gantzek eta Netanyahuk negoziatzen jarraitzeko denbora gehiago lortu zuten, biak ala biak diputatuak baitira; hortaz, orain ordezkari politikoei dagokie Likudeko buruzagiak eta ganberako presidenteak adostu duten akordioari baiezkoa ematea. Jarduneko lehen ministroaren alderdiaren arabera, eskuineko blokeko gainontzeko alderdien oniritzia du itunak.
Horiek horrela, Netanyahuk agintean jarraitzea lortu du: adosturikoaren arabera, lehen ministro izaten segituko du 2021eko urrira arte, eta orduan hartuko du postu hori oraindik parlamentuko presidente denak; bitartean, Gantz Defentsa ministro eta lehen ministrorde izango da. Laboristen buruzagi Amir Peretz ere gobernu berrian sartuko da, Ekonomia ministro gisara.
Twitter sare sozialean, parlamentuko presidenteak nabarmendu egin du laugarren hauteskundeak eragotzi dituztela: «Demokrazia mantenduko dugu, koronabirusaren aurka borrokatuko gara, eta Israelgo herritarrez arduratuko gara. Larrialdi nazionaleko gobernu bat dugu».
Itun horri esker, Likuden buruzagiak aukera izango du hurrengo fiskal orokorraren eta Estatuaren abokatuaren izendapenei betoa ezartzeko; hain justu, horrek zerikusia du maiatzaren 24an haren aurka hastekoa den epaiketarekin. Fiskaltzak hiru kasurengatik inputatu du, eta iruzurra, eroskeria eta uste onaren iruzurra egotzi dizkio; Auzitegi Nagusiak lehen ministro karguan jarraitzea eragotziko balio, herrialdeak automatikoki egingo lituzke hauteskundeak.
Ez hori bakarrik: bi aldeek adostu dute lehen ministrordeak postu horretan jarraitu ahalko duela inputatzen badute ere. Erabaki hori jarduneko lehen ministroaren etorkizun judizialari begira harturiko erabakia da, 2021eko urrian gobernuburuorde kargua hartuko baitu.
Martxoko hauteskundeen ondoren, Israelgo paisaia politiko konplexuak irtenbide gutxirako aukerak eman zituen. Bi blokeak gehiengo osotik urrun geratu ziren, eta, balantza alde batera edo bestera mugitu zezakeen Avigdor Lieberman Defentsa ministro ohiaren menpe zeudela, azkenean ia inork espero ez zuen bideak izan du arrakasta handiena, hein batean bada ere koronabirusak sorturiko egoerak bultzatuta: Netanyahuk eta Gantzek «larrialdiko batasun gobernu bat» adostu dute.
Jarrera aldaketa
Hiru bozen ostean, iragan martxoko hauteskundeetan 36 diputatu lortu zituen Likudek —irailean baino lau gehiago—, eta 33 Urdina eta Zuria koalizioak —kopuru bera—. Gantzek parlamentuko 61 ordezkariren babesa jaso zuen gobernu bat osatzeko hizketak hasteko, baina, haren alde egin zuten indarren arteko harremanak eta bateragarritasunik ezak, koronabirusak eragindako egoerari gehituta, norabide aldaketa bat egiteko erabakia hartzera eraman zuten.
Jeneral ohiak Netanyahurekin negoziatuko zuela jakin eta berehala, Urdina eta Zuria koalizioa zatitu egin zen, eta, egun, martxoko 33 diputatuetatik hamabost besterik ez zaizkio geratzen. Azken hiru bozetan koaliziokide izandakoen kritikak jasan ditu egunotan.