Israelen historian lehenengoz, karguan dagoen lehen ministro bat inputatu dute ustelkeriagatik. Avichai Mandelblit fiskal nagusiak Benjamin Netanyahu jarduneko lehen ministroa ikertu du hiru urte luzez, eta, iragan urrian hura galdekatu ostean, gaur jakinarazi du "nahikoa froga" bildu dituztela delitu hauengatik inputatzeko: iruzurra, eroskeria eta uste onaren iruzurra.
Likud alderdiaren agintariak hainbatetan esan du errugabea dela, eta gaur ere mezu bera helarazi die herritarrei, karguen berri izan eta gutxira; are, fiskal nagusiaren aurkako kritikak ugaritu egin ditu: "Inputazioak nire aurkako kolpe saiakera bat dira".
Netanyahu legez ez dago dimititzera behartuta, baina, epaiketaren ostean erruduntzat joko balute, orduan bai, lehen ministro kargua utzi beharko luke. "Hau bai, ikerketa pertsonal deitzen duten horietako bat da. Ikerketa pertsonal bat oso puztua". Etorkizun politikoa kolokan geratu zaion politikari baten hitzak dira.
Fiskaltzak hiru kasu hartu ditu kontuan Israelgo jarduneko lehen ministroa auzipetzeko erabakia hartzerakoan: lehena 4.000 zenbakia daraman auzia da, eta, horren arabera, Netanyahuk ustez Bezeq telefonia operadoreari lehen eskuko informazioa ematen zion, enpresak babesten duen komunikabide batek haren izena eta jardun ona goraipatzearen truke.
1.000 zenbakia daraman auziaren arabera, jarduneko lehen ministroak eta haren familiak 230.000 euroren opariak onartu zituzten bederatzi urtez; tartean bitxiak, puruak eta Frantziako xanpaina. Trukean, hobari fiskalak ematen zituen.
Azkenik, 2.000 izeneko auzian, egunkari baten mesedean aritzea leporatzen diote. Yedioth Ahronoth egunkaria Israelen irakurle gehien dituen egunkaria da, eta jarduneko lehen ministroak komunikabide horren aldeko legezko neurriak babestu zituen, bere irudiaren eta interesen aldeko informazioa zabaltzearen truke.
Blokeo politikoa
Mandelbitek garai garrantzitsu batean jakinarazi du Israelgo jarduneko lehen ministroaren aurkako erabakia: aurten bitan egin dituzte parlamenturako bozak —iragan apirilean eta irailean—, eta Netanyahu bitan saiatu da gobernua osatzen, alferrik.
Likuden agintaria gobernuburu izan zen 1996tik 1999ra, eta berriz 2009tik aurrera, hamar urtez; egungo testuinguruan, ordea, ez dago batere argi karguan jarraitzeko adina babes lortuko duen.
Benny Gantz oposizioko Urdina eta Zuria koalizioaren buruzagiak ere amore eman zuen atzo, eta, ordezkaritza duten alderdietako agintariek ez badute gobernurik osatzen abenduaren 11 baino lehen, Reuven Rivlin Israelgo presidenteak hirugarrenez deitu beharko du bozetara.
Hori gertatuz gero, Netanyahuk galdu egingo luke diputatu izateak emango liokeen immunitatea.