Benjamin Netanyahu Israelgo egungo lehen ministroaren Likud-Beitenu eskuineko koalizioa izan da legebiltzarrerako bozetako irabazlea, 120 diputatuetatik 31 lortuta, Hauteskunde Batzordeak jakinarazi duenez —botoen %99,5 zenbatuta daude—. Aurreko legealdian 42 zituzten koalizioko bi alderdiek: Likudek 27 eta Yisrael Beiteinuk 15.
Bigarren postuan, zentrokotzat aurkeztu den Yesh Atid (Etorkizuna badago) alderdia gelditu da, hemeretzirekin. Ustekabea eman du hain emaitza onak eskuratuta.
Alderdi Laboristak hamabost erdietsi ditu, Shas ultraortodoxoak 11, eta Habayit Hayehudi erlijiosoak ere 11. Beste denek zazpitik behera lortu dituzte; haien artean, Hatnauah alderdiak sei baizik ez ditu eskuratu —Tzipi Livni Atzerri ministro ohi eta palestinarrekin negoziatzen aritutakoaren alderdia da—.
Eskuineko alderdiek eta erlijiosoek 61 diputatu erdietsi dituzte, eta zentrokoek eta ezkerrekoek, 59.
Netanyahuk adierazi du "ahal den gobernurik zabalena osatzeko bazkide asko" ikusten dituela.
Guztira 34 alderdi aurkeztu dira hauteskundeetara, eta botoen %2 lortzea beharrezkoa zen legebiltzarrean ordezkaritza izateko.