Nicolas Sarkozy heroi bihurtu zen 1993ko maiatzaren 15ean. Bi egun lehenago beltzez jantzitako gizon armatu bat eskola batera sartu zen Neuilly hirian, eta haur hezkuntzako 21 ume eta irakasle bat bahitu zituen. Bahitzaileak lehergailuak zituen, eta 100 milioi libera eskatu zituen bahituak askatzearen truke. Erick Schimitt izena zuen, buruko arazoak zituen, eta langabezian zegoen. Bi eguneko infernuaren ostean, RAID Frantziako eliteko Polizia sartu zen eskolan. Operazioak 30 segundo iraun zituen: Schimitti buruan hiru tiro emanda amaitu zen dena.
Sarkozy zen, garai hartan, Neuilly hiriko alkatea. Sekulako protagonismoa lortu zuen bahiketaren bi egunetan. Bahitzailearekin zuzenean negoziatu zuen, eta ume batzuk ateratzea ere lortu zuen. Frantziako albistegietan berri nagusi bihurtu zen bahitzailearekin hitz egin ostean altzoan ume bat zuela Neuillyko eskolatik atera zen alkatearen irudia. Ez zuen bahitzailea konbentzitzea lortu, baina Sarkozy garaile atera zen ataka hartatik. Pantera beltzen lehen arrakasta handia izan zen 1993koa —horrela deitzen diote RAIDeko poliziei—. Gertatutakoak sekulako zirrara eragin zuen estatu osoan, eta RAIDek ohorezko domina eman zion Sarkozyri, operazioan izandako esku hartzeagatik.
Frantziako presidenteari, beraz, ez zaio oso arrotz egin Tolosako hiltzailearen inguruko operazioa. Orain hogei urte egin bezala, horrelako egoeretan maisuki maneiatzen dela erakutsi du. Jacques Chiracen gobernuko Barne ministro izandakoak ondo baino hobeto ezagutzen ditu informazio eta segurtasun indarren barrunbeak. Bere aginduz sortu zen, esaterako, DCRI Frantziako zerbitzu sekretuen agentzia, Tolosako hiltzailea aurkitzeko berebiziko garrantzia izan duena.
Sarkozyk, hauteskundeetarako bere lehiakideek ez bezala, informazio pribilegiatua izan du egunotan. Pausoak ondo neurtuta emateko aukera eman dio horrek. Tolosako hilketen egunean, astelehenean, komunikabideetan hiru militar ohi neonazien hipotesia nagusitu zenean, informazio zerbitzuek baztertuta zeukaten jada bide hori: soldaduetako bati aurreko astean egin zioten galdeketa —martxoaren 15eko hilketen ostean—, beste biei, berriz, astelehenean bertan. Ez da kasualitatea erasoa «antisemita» zela esaten lehena François Hollande izatea. Astelehen iluntzean erabili zuen hitz hori Sarkozyk, baina ideiari gehiegizko indarrik eman barik. Horren ordez, «tragedia nazionala» nabarmendu zuen.
Asteartean ere hipotesi berari eutsi zioten publikoki. Neonazien aukerak batez ere eskuin muturra zikintzen zuen, Sarkozyren jarraitzaile askoren botoak lor ditzakeen Fronte Nazionala hain zuzen. Herenegun arratsaldean, baina, François Molins Frantziako fiskalak diskurtsoa leundu zuen, beste hipotesi guztiak zabalik zeudela esanez. Mohamed Merahen etxea inguratu zuten ordu batzuk geroago.
Sarkozyren irudia indartuz
Frantziako herritarrek oraindik gogoan dute 1993ko Neuillyko heroia, eta ikuskizun dago oraingoan ere indartuta aterako ote den Sarkozy. Inork ez du zalantza egiten Merahen hilketek eragina izango dutela udaberriko hauteskundeetan. Eragina nolakoa izango den, horixe zalantza.
Urrats faltsurik ez egitea da Sarkozyren obsesio nagusia. Indarkeriak eta segurtasun gabeziak boterean denaren mesedetan jokatu ohi du hauteskunde garaian,baina 2004an Jose Maria Aznarri Espainian gertatutakoa irakaspena izan zen beretzat, eta tentuz jokatzea hautatu du Sarkozyk, egoeraren erabilera nabariegirik egin barik. Biktimekin agertu da uneoro, komunitate juduarekin eta musulmanarekin, operazio poliziala bertatik bertara jarraituz. Indar erakustaldi handia egin du herritarren aurrean: 72 ordutan harrapatu du erasotzailea.
Frantzia indartsua du goiburu presidentearen kanpainak, ezin egokiagoa agertoki berrirako. Mendekua baztertzea eta «batasun nazionala» sendotzea aipatu ditu behin eta berriz, eta estatua Justiziaren bermetzat saldu du, Frantzian gaizkileak bizirik harrapatu eta epaitu egiten direla nabarmenduz —AEBek iaz Osama bin Laden hil eta itsasora bota zuten, ustez, haren gorpua—.
Hollandek ez du hanka sartzerik egin egunotan, baina estatu buruak erabateko protagonismoa hartu du, eta hark igorritako segurtasun irudia geratzen da boto emaileen buruan. FNko Marine Le Penek esan du irabaziz gero heriotza zigorrari buruzko galdeketa egingo duela. Ekonomia eta Europa kanpainako agendatik kendu eta segurtasunak eta arrazismoak hartu dute garrantzia. Sarkozy eroso eta indartsu aritzen da gai horietan, eta iragarri du kanpaina herrialdearen hego-ekialdean amaituko duela, Tolosatik gertu-gertu.
Frantzia. Okzitaniako hilketak
Neuillyko heroiaren ibilerak
Nicolas Sarkozy oso ondo moldatzen da Tolosakoa bezalako operazioetan; 1993an argi erakutsi zuen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu