Hizkuntza minorizatuak

Neurriak eskatu dituzte etxe krisiak hizkuntza zelten arnasguneak ez itotzeko

Irlandako, Eskoziako, Galesko, Man Irlako eta Kornuallesko hizkuntzen aldeko elkarteek 11 puntuko plan bat aurkeztu diete gobernuei, gaelikodunak euren herrietan bizitzen jarrai dezaten ziurtatzeko. Besteak beste, etxegintza planetan hizkuntza kontuan hartzea eskatu dute.

Edu Lartzanguren.
2020ko irailaren 18a
17:16
Entzun

Hizkuntza zeltek hobeto eutsi diote landa eremuetan, baina hori ere bukatzear dago, Irlandako, Galesko, Eskoziako, Man Uharteko eta Kornualleseko hizkuntzen aldeko taldeek salatu berri dutenez. Elkarteok mugaz gaindiko neurriak eskatu dituzte, etxebizitza arazoak hizkuntzetako arnasguneetako ele paisaia alda ez dezan. Hizkuntzon iraupena jokoan dagoela ohartarazi dute
 
Eskoziako Misneachd (harrotasuna gisa itzul daiteke), Irlandako Misneach (adorea) eta Galesko Cymdeithas (galeseraren elkartea) taldeek sinatu dute agiria, besteak beste, eta ez dira adierazpen hutsean gelditu: 11 eskaera bildu dituzte, egoerari aurre egiteko.

Besteak beste Airbnb aplikazioaren bidez alokatzen diren etxeei «zigor zerga» bat ezartzeko eskatu dute. Horrez gain, herri batean egon daitezkeen bigarren etxebizitza kopurua legez mugatzeko galdegin dute, eta bertakoentzako errentak arautzea, herritarrek irabazten dutenaren araberakoak izan daitezen.

«Etxerik gabeko jendea gero eta gehiago da, jendeak ezin duelako ordaindu euren jaioterrietan bizitzea», adierazi dute elkarteok agirian. «Gobernu autonomoen eta zentralaren politiken ondorioa da hori, tartean austeritatea eta hamarkada luzeko diskriminazio ekonomikoa, landa eremuko herrien kaltean».

Eskaturiko neurrien helburua, betiere, hizkuntza gutxituetako sostengua ematea litzateke, euren herrietan gera daitezen. Izan ere, Eskoziako Highlandetako eta Uharteetako Unibertsitateak uztailean argitaratu zuen ikerketa baten arabera, Eskoziako gaelikoa «galtzeko zorian» dago, eta litekeena da hamarkada batean desagertzea, besteak beste hizkuntza ez duen jende asko heltzen ari delako.

«Familia asko ezagutzen ditut gaelikodun haurrak hazten ari direnak, horiek heltzerakoan euren komunitateetan bizitzeko oso itxaropen gutxirekin», esan du Misneachd elkarteko Martainn Mac A’Bhaillidhek Eskoziako hedabideetan. «Egoera erabat jasanezina da. Gaia ez da inoiz horren hil ala bizikoa izan herri gaelikodunentzat».

Galesen urte asko daramate salatzen Ingalaterrako jendea ari dela etxeak saldoka erosten, bigarren etxebizitza gisa, hango landa eremuetan. Aste honetan zabaldu dutenez, Eskoziako hainbat uharteetan oporretarako etxeak dagoeneko etxebizitza guztien %40 dira.

Horren eraginez, bertako hizkuntza ez dakien jendea ari da bizitzen jartzen herri horietan, pentsiodunak, besteak beste, eta bertako gazte gaelikodunak hirietara joan behar dutela, non gutxiengo gisa bizitzera kondenaturik dauden.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.