ATENTATUAK INDIAN

New Delhin berrogeita hamar lagun hil dira hiru atentatutan

Jendez beteta zeuden Paharganj, Sarojini eta Govindpuri merkatuetan egin dute eztanda lehergailuek

Erredakzioa
2005eko urriaren 30a
00:00
Entzun
Berrogeita hamar lagunetik gora hil eta beste hainbat zauritu ziren atzo New Delhin aldi berean izandako hiru eztandatan. Lehergailuek jendez beteta zeuden merkataritza guneetan egin zuten eztanda, horietako batek autobus batetik gertu, eta baliteke hildakoen kopuruak gora egitea. Manmohan Singh lehen ministroak eraso terroristatzat jo zuen gertatutakoa. Poliziak, hamar lagun atxilotu zituen eta Indiako komunikabideen arabera, muturreko talde musulmanen batekin izan dezakete zerikusia atxilotuek.

Datorren asteartean Diwali eguna ospatuko dute hinduek,urteko egunik seinalatuena. Egun horretan, elkarri zerbait oparitzeko ohitura dute eta jende asko azken orduko erosketak egiten ari zen atzo arratsaldean. Horregatik, merkatuak leporaino beteta zeuden.Aurreneko eztanda Paharganj merkatuan izan zen, Indian 17:30 zirenean (Euskal Herrian 12:00ak). Leherketa horrek eragin zituen hildako gehien. Paharganj merkatuan jende asko biltzen da; izan ere, zinema-areto bat eta tren geltokia daude handik gertu. Bestalde, hotel ugari dago inguru horretan eta turista gehienek bertara jotzen dute ostatu bila. Hala, hildakoetako batzuk turistak dira. Bigarren eztanda, handik ordu erdira gertatu zen, Sarojiniko merkatu gunean; eta, hirugarrena, Govindpurin.

Hasieran, laugarren eztanda bat ere aipatu zuten komunikabideek, baina berehala gezurtatu zuten. Indiako PTI albiste agentziak jakinarazi zuenez, Paharganjeko lehergailua motozikleta batean jarri zuten; Govindpurikoa, berriz, autobus batean.

Egileak nor izan diren argitu gabe

Poliziak, eztanden berri izan orduko, alerta egoera ezarri eta merkatu guztiak itxi zituen; agintariek, berriz, badaezpada euren etxeetatik ez ateratzeko eskatu zieten herritarrei. Era berean, Indiako beste bi hiri nagusienetan, Calcuttan eta Bombayn, segurtasun neurriak areagotu egin zituzten.

Manmohan Singh lehen ministroak atentatuak gaitzetsi zituen eta atentatuen jomuga herritar xeheak zirela nabarmendu zuen. «Kaosa areagotu eta bakea nahasteko egiten ari diren ahaleginek ez dute izango arrakastarik. Indiak terrorismoaren aurkako borroka irabazi egingo du», adierazi zuen. Bestalde, Sheila Dishkit eskualdeko buruak eztanden atzean erakunde armatu bat zegoela esan zuen, baina oraindik «goizegi» zela nor izan zen jakiteko.Oraingoz inork ez du bere gain hartu atentatuen erantzukizuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.