New Hampshiren irabazi izana «sekulako aukera» dela dio Kerryk: «Hilabete luzez kalkuluetatik at izan gara, baina jendeari erakutsi diogu Bush presidentea garaitzeko dugun erabakitasuna». Dei egin zien demokratei, bera aukera dezaten Etxe Zuria konkistatzeko eta «pribilegioen ekonomia» amaitzeko. Berak «milioien txirotasuna» murriztuko luke, «milioidunen zergak beharrean», agindu zuen.
Deanen kemena
Joan zen astean Iowan lehenengo primarioak egin arte, kolorerik gabeko eta irabazteko aukera handirik gabeko hautagaitzat deskribatzen zuten Kerry. Iowan ustekabean irabazi ondoren, Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) kamera guztien kutuna da. Harrezkeroztik, ehunka mila dolarreko emariak sartu dira Kerryren kanpainerako kutxan.
Deanek, berriz, kanpaina egiteko antolakuntza finak eta milaka oinarrizko militanteen lanak lehen postuan hilabete luzetan jarri bazuten ere, hirugarren postu tristea baino ez zuen lortu Iowan, eta New Hampshiren %26 lortu zuen, Kerryren atzetik bigarren postuan geldituta. Horrekin, halere, atzerako joera gelditu izana aldarrika dezake Deanek Iraken inbasioaren aurkako jarrera hauteskunde kanpainako ardatz bihurtu duen politikariak. Gobernadore ohia pozik agertu zen, eta lehen postua lortzeko asmoz «aurrera jarraituko» zuela esan zuen.Dean baino askoz atzerago geratu ziren Wesley Clark NATOko jeneral ohia (%12), John Edwards (%12) eta Joseph Lieberman (%9).
«Aukeragarritasuna» bozkatzen
Marka berria ezarri zuen biztanle gutxiko New Hampshirek, 200.000 boto ontziratuta. Inkesten arabera, demokrata edo independente gisa erroldaturiko botoemaileen erdiak George Bushen aurrean hautagaiaren «aukeragarritasuna» izan zuten boza erabakitzeko ziotzat. Bigarren arrazoi gisa, hautagaiek Irakeko inbasioaren aurrean izan zuten jarrera, zein ekonomiaren inguruan proposatzen duten politika aipatu zuten askok. «Bushek Etxe Zuria demokrata bati utzi behar dio azaroan», hona behin eta berriz errepikatzen den leloa. Iowan egin bezala, New Hampshiren ere Kerry aukeratu dute gehienek, Deanen aurretik. Azken hau gizon zakartzat du jendeak, eta ozen aldarrikatu duen jarrera ezkertiar-liberala medio, Bushen aurka presidentetzarako hauteskundeetan galduko lituzkeela ziurtzat jotzen dute.
Halere, ez dira karta guztiak banatu demokratenean. Izan ere, datorren astean Estatu Batuetako hegoaldera bideratuko da arreta, eta hor kanpotartzat dituzte ipar mendebaldeko New Englandekoak diren Kerry zein Dean. Hego Carolinaren ondoren, alderdiaren batzarrak izango dira Arizonan, Delawaren, Missourin, New Mexikon, Ipar Dakotan eta Oklahoman. Baliteke, beraz, Wesley Clarkek hegoaldeko Arkansaskoa denak gora egitea datozen asteotan. Azken hamarkadotan, AEBetako ipar mendebaldeko presidentetzarako hautagaiek ez dute inoiz arrakastarik izan.
-
HAUTAGAIA AUKERATZEN
Prozesu korapilatsu baten lehen kalkuluak
Lehen aurreikuspenen arabera, Kerryk 13 ordezkari eskuratu ditu jada, eta Deanek bederatzi. Kalkukuoi jarraiki, Edwardsek eta Clarkek ez dute %15aren muga gaindituko, eta ezingo dute, beraz, ordezkarien bozarik jaso. Orobat zazpi hautagai demokrata daude kanpainean. Ohioko Dennis Kucinich eta New Yorkeko Al Sharptonek ez dute ia aukerarik.Abenduaren 2ko presidentetzarako bozen aurretik, alderdi biltzar eta primario sail korapilatsua dator. Hautagai bakoitzaren emaitzen arabera banatzen dira ordezkariak, eta hauek aukeratzen dute, azkenean, kandidatua. Demokraten biltzarra uztailaren 26tik 29ra izango da aurten, Bostonen. Errepublikanoak New Yorkeko Madison Square Gardenen elkartuko dira abuztuaren 30etik irailaren 2ra arte. Hautagai demokratak gutxienez 2.162 ordezkarien botoa behar du, orotara 4.322 diren delegatuen artean.