New Hampshiren ere Trumpek irabazi duen arren, Haleyk lehian jarraituko du

Botoen %54,6 bilduta, AEBetako presidente ohiak 11 puntu pasatxoko aldeaz gainditu du Hego Carolinako gobernadore izandakoa Alderdi Errepublikanoaren primarioetako bigarren bozketan.

(ID_13528238) USA ELECTION
Alderdi Errepublikanoko primarioetarako hautagai Nikki Haley, atzo, New Hampshiren. CJ GUNTHER/EFE
maddi iztueta olano
2024ko urtarrilaren 24a
10:45
Entzun

Bigarren bozketa, eta bigarren garaipena. Iragan astean Iowako caucus-etan irabazi ondoren, Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente ohia (2017-2021) New Hampshireko primarioetan ere gailendu da. 11 puntu baino gehiagoren aldea izan da haren eta Nikki Haley Hego Carolinako gobernadore izandakoaren artean (2011-2017) —%54,6-%43,1—, eta, hortaz, Trumpek are eskurago du Alderdi Errepublikanoaren hautagaia izatea datorren azaroaren 5eko presidentetzarako hauteskundeetan. Halere, Haleyk ez du amore emateko asmorik: «Asko falta da lehia hau amaitzeko, oraindik ere dozenaka estatu gelditzen zaizkigu, eta hurrengoa nire Hego Carolina maitea da».

Iowan lortutako botoak halako bi eskuratu zituen atzo Hego Carolinako gobernadore ohiak. Inkesten arabera, AEBetako estatu guztien artean New Hampshiren zuen irabazteko aukerarik handien NBE Nazio Batuen Erakundean AEBetako enbaxadore ere izan zenak (2017-2018). Edonola ere, azkenean ez du Trumpi aurrea hartzeko adina boto eskuratu, eta, inkestei erreparatuta, ez dirudi lortuko duenik lehiatuko den hurrengo bozketan, datorren otsailaren 24ko Hego Carolinako primarioetan ere —otsailaren 8an caucus-ak egingo dituzte Nevadan, eta Haleyk ez du parte hartuko—. Azken emaitzen eta aurreikuspen horien harira, isekaz mintzatu zitzaion atzo Trump: «Oso gau txarra izan du [Haleyk]. Hirugarren egin zuen [Iowan], eta oraindik ere hemen jarraitzen du».

AEBetako presidente ohiak abantaila hartu ahala, primarioetako lehia utzi dute gainontzeko zenbait hautagai errepublikanok. Vivek Ramaswamyk Iowako caucus-ak amaitu eta segidan utzi zuen bertan behera bere hautagaitza, eta, Ron DeSantis Floridako gobernadoreak —bigarren izan zen Iowan—, joan den igandean. Hori bai, agintari errepublikano gehienek Trumpi «bigarren aukera bat» eman nahi dietela iritzita, haren alde bozkatu dezatela eskatu diete biek euren alde egin dutenei.

«Asko falta da lehia hau amaitzeko, oraindik ere dozenaka estatu gelditzen zaizkigu, eta hurrengoa nire Hego Carolina maitea da».

 NIKKI HALEYAlderdi Errepublikanoaren primarioetako hautagaia

Gero eta gehiago dira «batasunaren eta adostasunaren» alde lerratzen, eta Trumpen alde bozkatzeko kanpaina egiten ari diren errepublikanoak. Halere, kontrako norabidean jarraitzen du Haleyk. «Kaos bat bestearen atzetik, horixe daukagu Trumpekin: epaiketa hau, eztabaida hura, txio hori. Ezin da [Joe] Bidenen [AEBetako presidentearen] kaosa Alderdi Errepublikanoaren kaosarekin konpondu». Hitz horiek esan ondoren, estatuburu ohiari leporatzen dizkioten 91 delituak —ustelkeriagatik eta eroskeriagatik, besteak beste— aipatu zituen berriro ere.

Dena dela, errepublikanoez gain, demokratek ere ia-ia amaitutzat jotzen dute errepublikanoen primarioetako lehia. «Azaroa gero eta hurbilago dagoen honetan, gauza bat oso argi dago: Donald Trumpek esku-eskura du presidentetzarako hauteskundeetarako aukera, eta hor orain arte bozkalekuetan gailendu zaion pertsona bakarrari egin beharko dio aurre, Joe Bideni [AEBetako presidentea]», esan zuen atzo Bidenen kanpainaren arduradun Julie Chavez Rodriguezek.

Behin-behineko datuen arabera, Trumpek 32 ordezkari bildu ditu alderdiaren kongresurako, eta Haleyk, hamazazpi; horien gehiengo osoa lortzen duena izango da Alderdi Errepublikanoaren presidentegaia.

Biden ere aise garaile

Alderdi Demokrataren primarioetako lehen bozketan —New Hampshiren egin zuten haiek ere, atzo— alde handiaz gailendu zen hautagai bat: Biden. Haren garaipenak sona handia izan du, AEBetako presidenteak ez baitzuen ofizialki New Hampshireko primarioetan izena eman.

Primarioen egutegiari buruz alderdi barruan izandako tirabira baten harira hartu zuen erabaki hori Bidenek. Beste egutegi bat onartu zuten demokratek 2022ko abenduan: horren arabera, datorren otsailaren 3an hasiko dute barne prozesua ofizialki, Hego Carolinako primarioetan; eta handik hiru egunera izango da hurrengoa, otsailaren 6an, Nevadan.

Erabaki horrek azken berrogei urteotako joera aldarazi du. Aurreko primarioak Iowan hasi izan dituzte, New Hampshiren ondoren, eta Nevadan eta Hego Carolinan gero. Iowak onartu zuen egutegiaren aldaketa, eta, horrenbestez, joan den asteko Iowako caucus demokratetan ez zuten bozketarik egin. New Hampshirek erabaki zuen, ordea, aurreko egutegia betetzea eta atzo, berdin-berdin, primarioak egitea.

Horregatik ez zen agertzen Bidenen izena atzoko boto paperetan. Edonola ere, milaka boto emailek eskuz idatzi zituzten haren izen-abizenak, eta, ordezkaririk lortu ez zuen arren, argi geratu zen hark duela hautagaitza lortzeko babesik handiena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.