Bart arratsean itsasotik ailegatu, eta New Jersey estatuan barneratzekoa zen Sandy urakana. Gaur egun argitan nabarmenduko dira esperotako haizete eta eurite bortitzek utzitako ondorioak. Barack Obama presidenteak ekialdeko bederatzi estaturentzat sinatu du larrialdi egoera. Arreta gune nagusia New York hirian ezarri da, Ipar Amerikan biztanle dentsitate handienetako eremua baita—hemezortzi milioi lagun bizi dira hirigunean eta inguruan—. 375.000 herritar inguru ebakuatu dituzte haien bizilekuetatik.
Urakanen maila neurtzeko Saffir-Simpson eskalan, Urakanen Zentro Nazionalak 1 maila eman dio Sandy-ri, hau da, txikiena. Haizeteen abiaduraren arabera neurtzen da eskala; 1 mailakoek 119-153 kilometro orduko hartzen dute. Atzo arratsaldean, kostara hurbildu ahala, 150 kilometro orduko inguruko abiadura zuen Sandy-k. 2005ean Katrina-k New Orleans harrapatu zuenean, 3 mailako indarra zuen —178-208 kilometro orduko—.
New Yorkera hurbildu denak maila txikiagoa duen arren, alarma guztiak piztu dituzte. Michael Bloomberg alkateak eginiko ohartarazpena errepikatu zuen atzo Andrew Cuomo New York estatuko gobernadoreak: «Ebakuazioa dekretatu den guneetan bazaudete, alde egin ezazue». Uholdeak dira agintarien beldur nagusia, bereziki Manhattan uhartean. Cuomoren arabera, atzo arratsalderako uraren maila iazko abuztuan Irene urakanarekin hartutako neurrian zegoen; aurreikuspenen arabera, hiru metro hazi liteke olatuen, itsasgoraren eta euriteen eraginez.
Horren aitzinean, ebakuazioez gain, neurri esanguratsuak hartu dituzte. Adibidez, Guardia Nazionaleko 2.200 soldadu mobilizatu dituzte New Yorken. Wall Street finantza gunea itxi dute 2001eko irailaren 11ko atentatuez geroztik lehen aldiz, Nazio Batuen Erakundeko egoitza hustu dute, eskolak eta eraikin publikoak itxi, garraio publikoa eten dute, eta Manhattan New Jerseyrekin eta Brooklynekin elkartzen dituen tunelak ere itxi dituzte. Haizeteek 97 kilometro orduko abiadura gainditzen badute, New Yorkeko uharteak elkartzen dituzten zubiak ere itxiko dituzte.
New York, arretaren erdigunean
AEBetako hiri nagusian 375.000 lagun ebakuatu dituzte, ehunka soldadu mobilizatu eta gune nagusiak itxi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu